Itxi

Athletic Club

1-1 itzuliko partidan

Athletic, Superkopako txapelduna

S.L | eitb.eus

31 urteren ondoren, beste titulu bat irabazi du talde zuri-gorriak Bartzelona mendean hartuta. Adurizek erabaki du Camp Noun jokatutako itzulikoa, 73. minutuan.

00:32

Athleticek 2015. urteko Superkopa irabazi du bi partidako kanporaketan Bartzelonari irabazita (5-1, emaitza orokorra). Camp Noun jokatutako itzulikoa bana bukatu dute, Leo Messiren eta Aritz Aduritzen golekin.

Barça izan da nagusi lehen zatian, baina talde zuri-gorria, oso ondo kokatuta berdegunean, etxekoen jokoa geldiarazteko gai izan da.

Piquek izan du partidako lehen gol-aukera garbia 5. minutuan, baloia langara bidalita. Ondoren, Messi, Iniesta, Pedro eta Alves saiatu dira, baina ez dute gola sartzerik lortu.

Aritz Aduriz erabakigarria izan da Athleticen. Aurrelariak arnasa eman dio taldeari behar izan duen bakoitzean.

Atsedenaldira heltzeko zortzi minuturen faltan, 0-1ekoa egiteko abagune ederra izan du Erasok. Pedrok kale egin du Bravo atezainari pasatzerakoan, eta Erasok berreskuratu du. Halere, kanpora bidali du baloia. Leo Messik markagailua estreinatu du 42.ean, Luis Suarezen pase onari amaiera biribila emanda.

Intentsitate handikoa izan da bigarren zatiaren hasiera. 55. minutuan, partida berdintzeko zorian izan da Aduriz, baina Bravok ondo eutsi dio, eta baloia kornerrera bidali du. Jokaldi berean, txartel gorria erakutsi dio Velasco Carballo epaileak Gerard Piqueri, protesta egiteagatik.

Bi minutu geroago, erantzun bikaina eman dio Iraizozek Pedroren erremateari. Hamar jokalarirekin geratu den arren, talde katalanak erasoan jarraitu du, jokaldi arriskutsuak eginez gainera.

73. minutuan, norgehiagoka eta Superkopa erabakita utzi du Adurizen golak (1-1). Minutu batzuk geroago, atera berria zen Kike Sola aldageletara bidali du epaileak, Mascheranori falta egiteagatik. Erabaki zorrotzegia izan da.

31 urteren ondoren, beste titulu bat irabazi du talde zuri-gorriak. Ostegunean, Europa Ligarekin du hitzordua Bilboko taldeak, eta, igandean, San Mames bisitatuko du berriro ere Bartzelonak, Ligako lehen jardunaldian.

n jardunaldian.