Athletic Club
Gogor egin du lan
Athletic: Gabilondo da aldea
Haritz Gallastegi
Igor Gabilondo jokoaren arlo guztietan ari da nabarmentzen. Sasoian dago eta asko ari zaio ematen taldeari.
Igor Gabilondok asko sufritu du denboraldi honetan. Sasoiaren lehen heren bietan ez du entrenatzailearen konfiantza izan. Caparrosek beste jokalari batzuk aukeratu ditu ezker hegalean jokatzeko. Yeste izan da postu horretan gehien jokatu duena. Baina basauritarra aritu ez denean Muniain, De Marcos edo Susaeta aritu dira donostiarraren postuan.
Zazpirehun minutu pasatxo jokatu ditu. Ez da asko jokatzen ohituta dagoen futbolari batentzat. Hala ere, ez du etsi. Pazientzia, ardura eta profesionaltasuna erakutsi ditu. Pazientzia erakutsi du bere aukera ailegatu den arte. Jokalari arduratsua dela ere erakutsi du, ez baita sekula kexatu. Eta, gainera, jokatzeko aukera eman diotenean prest zegoela ikusi da. Gogor egin duela lan, alegia.
Asko ari zaio ematen taldeari. Ezker hegaletik sakontasuna emateaz gain, atzelariari defentsan laguntzeko arazorik ez duela ere erakutsi du sarri. Hori gutxi ez eta, mausitasunez ari da faltak eta kornerrak ateratzen. Gabilondok ezkerrarekin erdiratzen duen bakoitzean arriskua sortzen du talde zuri-gorriak. Horregatik, normala da memento honetan inork ez botatzea faltan Yeste. Hala ere, jokalariak bere ohiko apaltasunarekin jarraitzen du. "Luzaroan egon naiz aukera honen zain. Aprobetxatzen ari naiz, baina taldeak galtzen badu ez du askorako balio".