Athletic Club
Ostegunean, 22:00etan
Atletico Madril-Athletic: Yeste, berriz ere deialdian
Haritz Gallastegi
Lezama
Erdilari basauritarrak ligako sei jardunaldi daramatza jokatu barik; Aritz Borda, berriz, lehen aldiz dago aukeratuen zerrendan.
Fran Yeste da Athleticen deialdiko berritasun nagusia. Basauritarra zeresan gehiago ematen ari da bulegoetan zelaian baino. Badirudi Athletic eta jokalaria ez direla ados jarri basauritarraren kontratua luzatzeko. Horrenbestez, aldaketa handirik ezean taldez aldatu beharko du sasoi amaieran.
Zale askoren ustez arrazoi horregatik galdu du lekua deialdietan. Kontua da azken sei partidetan ez duela parte hartu. Vicente Calderonen ere ez du hasieratik jokatuko, baina behintzat aulkian egoteko aukera izango du. Yesterekin batera Koikili eta Haritz Borda dira berritasun nagusiak. Azken honentzat lehen aukera da nagusien deialdi batean. Lasartearra da, erdiko atzelaria eta 25 urte ditu.
Deialdiak sortu duen morboa alde batera lagata, Athleticek urratrak ematen jarraitu gura du Europara bidean. Jardunaldia ondo hasi da zuri-gorrientzat. Deportivok eta Sevillak huts egin dute. Hala ere, Caparrosek ez du gainerako taldeek egiten dutenean pentsatu gura. "Gure esku dago guztia. Etxetik kanpo ondo ari gara lehiatzen, baina emaitza hobeak eskuratzea falta zaigu", esan du teknikari zuri-gorriak.
Vicente Calderonen hirugarren garaipena jarrian eskuratzea da zuri-gorrien helburua. Ez da erraza izango, ordea. “Atletico lan ona egiten ari da etxean. Talde orekatua dela ari da erakusten”. Ba talde orekatu horri aurre egiteko Ustaritzen eta Iturrasperen aldeko apustua egingo du Caparrosek hasierako hamaikakoan.
Vicente Calderon
22:00
Ramirez Dominguez
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Castillo; Gurpegi, Javi Martinez, Iturraspe, Gabilondo; Toquero eta Llorente.