Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Llorente (Athletic-Almeria): "Vila-real da aurkari nagusia"

Haritz Gallastegi

Lezama

Aurrelari zuri-gorriarentzat Almeriaren aurkako neurketak argituko du zein den zuri-gorrien helburua.

Athletic asko ari da huts egiten etxetik kanpo. Ia lau hilabete daramatza kanpoan irabazi barik. Ondorioz, etxeko partidek sekulako garrantzia hartzen dute Caparrosen taldearentzat. Hala ere, Llorentek ez dio Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeari aterik itxi gura. "Igandeko partidak esango digu zein izango den gure borroka", esan du aurrelari errioxarrak.

Igandean Almeriak bisitatuko du San Mames. Egungo talde andaluziarrak ez dauka zerikusirik lehen itzulikoarekin. Izan ere, Lillok taldea zuzentzeko ardura hartu zuenetik partida bakarra galdu baitu. "Lillok itxuraldatu egin du Almeria. Gainera, talde andaluziarrak emaitza onak eskuratzen ditu Katedralean", adierazi du Athleticeko izarrak.

Europarako txartela eskuratzeko aurkarien inguruan galdetuta, Vila-Real nabarmendu du Llorentek. "Talde indartsua da eta sasoian dago", esan du. Gabilondok, berriz, Athleticek bereari begiratu beharko diola iritzi dio. "Gure esku dago eta ez diogu inori begiratu behar".

Bestalde, Leo Messi egiten ari den jokoa ere izan dute hizpide. Laudorioak izan dituzte bi zuri-gorriek. "Sinestezina da. Sekula ikusi ez dena", Llorenteren iritziz. "Txapela kentzekoa da", adierazi du, berriz, Gabilondok.

Kirol arloari dagokionez, Muniain eta Iturraspe ez dira lehen taldearekin entrenatu. Asteburu honetan Bilbao Athletici laguntzea egokituko zaie bi harribitxi gazteei.