Itxi

Athletic Club

1-1

Bilbao Athleticek puntu bat urratu du Mirandesen aurka

Erredakzioa

Zuri-gorriek bana (1-1) berdindu dute Aketxek azken minutuan penaltiz sartutako golari esker. Aridanek sartu du talde bisitariaren gola.

  • Bilbao Athletic-Mirandes. Argazkia: EiTB

    Bilbao Athletic-Mirandes. Argazkia: EiTB

Bilbao Athleticek bana berdindu (1-1) du Mirandesen aurka San Mamesen. Azken unean urratu du puntua talde zuri-gorriak, nahiz eta ez dion askorako balio, ez behintzat salbazioara gerturatzeko hurrats handia emateko.

Lehen zatia oso parekatua izan da, baina abagune gutxikoa. Mirandesek gola sartzeko izan duen aukera bakarra 23. minutuan iritsi da; kornerra zuzenean jaurti, eta baloiak zutoina jo du. Bilbao Athleticen erantzuna 30. minutuan heldu da, baina Raul Fernandez atezainak ondo desbideratu du Guarrotxenaren jaurtiketa. Lehen zatia amaitu orduko, gainera, zuri-gorriek beste abagune bat izan dute, eta oraingoan ere Raul Fernandez atezainak etxeko taldearen gola eragotzi du.

Bigarren zatia hasi bezain laster maldan gora jarri zaio partida Bilbao Athletici. Atzealdean kale egin, eta Aridanek bigarren zutoinean sare barrura bidali du errematea (0-1). Golaren ondoren, Bilbao Athletic saiatu da berdinketa lortzen, baina ez da bigarren zati osoan abagune argirik sortzeko gai izan. Mirandesek ere ezer gutxi egin du erasoan, baina defentsan sendo ibili da. Partida Mirandesen garaipenarekin amaituko dela ematen izan duenean, epaileak Bilbao Athleticen aldeko penaltia adierazi du. Aketxek egin du jaurtiketa eta banakoa (1-1) ezarri du markagailuan. Zuri-gorrien golaren ostean ez da ezertarako denboarrik egon eta puntu bana eskuratu dute bi taldeek.

Fitxa teknikoa:

1 - Bilbao Athletic: Remiro; Etxeberria, Ramalho, Yeray, Saborit; Guarrotxena (Cordoba, 67. min), Unai Lopez (Gorka Iturraspe, 82. min), Vesga, Seguin (Jurgi, 82. min); Aketxe eta Santamaria.

1 - CD Mirandes: Raul; Moreno, Gaffoor, Kijera; Eguaras, Rúper, Provencio; Sangalli (Alex Garcia, 58. min), Aridane (Nestor Salinas, 69. min), Alain (Andon Prats, 75. min); eta Ion Velez.

Golak: 0-1, 48. min: Aridane. 1-1, 91. min: Aketxe, penaltiz.

Epailea: Eiriz Mata (Galizia).