Athletic Club
Igandean, 19:00etan
Athletic-Zaragoza: Astebete beranduago, egoera beretsua
Haritz Gallastegi
Lezama
Orbaiz, Muniain eta De Marcos deialdira itzuli dira eta Gaizka Toquero kanpo geratu da azkenean.
Gauza gutxi aldatu dira Athleticen inguruan azken astean. Almeriaren kontra jokatu bezperan garaipenak zuen garrantzia aipatu zen. Getafe eta Vila-Real indar handiarekin zetozen behetik gora, eta ezinbestekoa zen hiru puntuak eskuratzea aldea mantentzeko. Astebete beranduago antzekoa da egoera. Athleticek ezin izan zuen etxetik kanpo lau hilabete luzeko bolada txarrarekin amaitu, eta, ondorioz, behartuta dago etxean irabaztera. Batetik, sei onenen artean sailkatzeko ezinbestekoa izango delako zaleen aurrean maila ona ematea. Bestalde, naiz eta jarraitzaile askorentzat jada ezinezkoa izan, Txapeldunen Liga ere ez dagoelako aparte. Lau puntuko aldea du Mallorcak, baina epe laburrean San Mames bisitatu beharko du irletako taldeak.
Horrenbestez, ezinbestekoa da Zaragoza mendean hartzea. Denboraldi txarra egiten ari den maila oneko taldea zuzentzen du Gayk. Sasoiko lehen hilabeteetako jokoa eta emaitzak aintzat hartuta, Bigarren Mailara itzultzeko arriskuaz ohartu ziren taldeko agintariak eta neguko merkatua baliatu zuten egoerari buelta emateko. Lerro guztietan indartu zuten taldea. Maila oneko jokalariak fitxatuta, gainera. Eliseu eta Edmilson maila oso ona emandakoak dira Espainiako Ligan. Baina beste guztien gainetik Chupete Suazo aro da nabarmentzen. Aurrelaria gol sena daukala erakusten ari da.
Athleticek ez du neguko merkatuaren premiarik izan. Zuri-gorriak oso ondo ari dira sasoia hasi zenetik. Baina egindako lan ona Europako txartelarekin borobildu gura dute. Gaurko neurketarako Toqueroren zalantza dauka Caparrosek. Aurrelari gasteiztarrak haustura txiki bat dauka eskuin hankan eta, antza denez, aukera gutxi du jokatzeko. Koikilik, txartelak tarteko, harmailatik ikusi beharko du neurketa.
San Mames
19:00
Estrada Fernandez
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Castillo; Susaeta, Javi Martinez, Gurpegi, Gabilondo; De Marcos eta Llorente.