Athletic Club
Errege Kopa
Athleticek ezustekoa eman nahi du Camp Noun
Erredakzioa
Zuri-gorriek 2-1 irabazi zuten Bartzelonaren aurka Errege Kopako joaneko partida eta itzulerakoa jokatuko dute gaur, 21:15ean. Williams deialdian sartu da azkenean.
Athleticek baja asko ditu gaur Bartzelonaren aurka jokatzeko Errege Kopako final-zortzirenetako itzulerako partida, baina joanekoan 2-1 irabazi zuenez, final-laurdenetarako txartela lortu nahi du. Neurketa, 21:15ean izango da Camp Noun.
Ernesto Valverde entrenatzailea zazpi jokalari etxean uztera behartuta dago. Yeray bere gaitxotasunagatik, De Marcos, Kepa, Lekue eta Aketxe min hartuta daudelako eta Raul Garcia eta Iturraspe zigortuta daudelako. Barçaren aurkako neurketarako Beñatek, San Josek eta Mikel Ricok osa dezakete zelai erdia. Entrenatzailearen beste zalantzetako bat da erdiko hegalean Saboritekin errepikatzea ala ez.
Iñaki Williams zalantza zen, baina deialdian sartu da.
Bartzelonak, aldiz, 2-1eko aurkako emaitza irauli nahi du. Epaileen lanarekin polemika betean murgilduta dago talde blaugrana. Gerard Piquek epaileen aurkako kanpaina egin du egunotan eta litekeena da epaileek Barçari laguntzea itzulerako neurketan. Luis Enriqueren zalantza bakarra atean nork jokatuko duen da. Min hartuta egon den Jasper Cillesen jokatzeko prest dago, baina Marc Andre Ter Stegenek errepikatu dezake hasierako hamaikakoan San Mamesen egin zuen bezala.
Ustezko hamaikakoak:
Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Alba; Busquets, Rakitic, Iniesta; Messi, Suarez eta Neymar.
Athletic Club: Iraizoz; Boveda, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Beñat, San Jose, Mikel Rico, Saborit; Williams eta Aduriz.
Zelaia: Camp Nou, 21:15ean.
Epailea: Gil Manzano.