Itxi

Athletic Club

4 urte gehiago

Iñaki Williams, zuri-gorri 2025era arte

Agenicas | eitb.eus

Etete klausula 80 milioi eurokoa izango da eta progresiboki handituko da 108 milioietara heldu arte. Talde zuri-gorriak astebetean iragarri duen laugarren kontratu berritzea da.

0:53

Athletic Clubek eta Iñaki Williams jokalariak akordioa sinatu dute eta horren arabera jokalariak Bilbon segituko du 2025eko ekainaren 30era arte. Etete klausula 80 milioi eurokoa izango da eta progresiboki handituko da 108 milioietara heldu arte.

Akordioa sinatu ondoren egindako agerraldian, jokalari bilbotarrak aitortu du taldeak "esfortzu handia" egin duela berarekin eta bi aldeak "ondo moldatu" direla. "Dena oso erraza izan da eta kontratu on bat sinatu izanak ez nau aldatuko. Fede handia dago nigan, eta ni egunero etortzen naiz Lezamara hobetzeko asmoz", esan du.

Williams "pozik eta harro" azaldu da "kontratu zoragarri hau" lortu eta Athleticen jarraituko duelako. "Ez dut hitzik, oso eskertuta nago. Orain balio dudana erakutsi eta hobetzen jarraitu behar dut. Nahi dudan tokian nago. Oso pozik nago hemen, familia eta lagunak hemen ditut. Athleticek asko eman dit eta ohore bat da hemen jarraitu ahal izatea. Taldeari asko ematea espero dut", adierazi du.

Iñaki Williamsek sei gol daramatza denboraldi honetan: lau Ligan eta bi Europa Ligan. Aurrelari bilbotarra 2014-2015 sasoiaren erdialdean heldu zen Athleticen lehen taldera eta, beraz, laugarren denboraldia jokatzen ari da. Lau urteotan 140 partida jokatu eta 30 gol sartu ditu.

Talde zuri-gorriak astebetean iragarri duen laugarren kontratu berritzea da Williamsena, Iago Herrerin (2021era arte), Xabie Etxeita (2019) eta Iñigo Lekuerenaren (2023) ondoren. Gainera, aste honetan bertan jakinarazi du Cristian Ganea defentsa fitxatu duela datorren denboraldirako.