Athletic Club
David Lopez prentsa-aretoan
'Ez nau ezustean harrapatu taldeak gola egiteko duen erraztasunak'
Erredakzioa
El centrocampista se ha mostrado muy satisfecho de su regreso al equipo el pasado domingo después de seis partidos fuera por decisión técnica o por problemas físicos.
David Lopez Athleticeko jokalaria ez du "inolaz ere" ezustean harrapatu taldeak golak sartzeko duen erraztasunak denboraldi hasiera honetan. 17 golekin Athletic azken 28 urteetako markarik onena egin du eta Ligako hirugarren golegilea da Vila-Realekin berdinduta.
"Taldea hau horretarako eta gehiagorako gai da. Jokalari guztiek maila bikaina dute eta hori baliatuta gauza handiak lor daitezke", azpimarratu du errioxarrak. Defentsako lana sendotu behar dutela ere gaineratu du, golei etekin handiagoa ateratzeko eta helburu handiagoak markatzeko.
"Aldagelan hitz eginda dago dagoeneko, seguruagoak eta sendoagoak izan behar gara atzealdean gol gutxiago jasotzeko. Puntuak galdu ditugu arazo hori dela-eta. Lanean ari gara hori aldatzeko", hausnartu du.
David Lopez, beraz, baikorra da taldearen etorkizunera begira eta iaz Europarako sailkatzetik gertu gelditu ondoren, aurten "denboraldi handia" egin daitekeela esan du, beti ere "defentsako huts egiteak zuzentzen badira".
Bere lanari dagokionean, erdilaria pozik agertu da taldera itzuli baitzen igandean aurreko sei partidetan deialdietatik at gelditu ostean, arazo fisikoak eta Caparrosen erabakiak zirela-eta. Getaferen aurkakoan jokatutako 20 minutuetan "oso gustura" aritu zela gaineratu du.
"Minutu batzuk izan nituen eta horiek baliatu nituela uste dut. Oso gustura aritu nintzen, baloia sarri ukitu nuen eta orain jarraikortasuna behar dut. Susaetarekin zail dut eskuin-hegalean jokatzea. Hori gustuko dut eta lehia horretan ari gara biok", adierazi du.