Itxi

Athletic Club

San Mames, 22:00etan

Athletic-Bartzelona: 40.000 athleticzale 11 izarren aurka gaur gauean

Jon Lopez

Erredakzioa

Zuri-gorriek Bartzelona hartuko dute gaur San Mamesen, talde katalana kanporatu eta final-laurdeneterako txartela lortzeko asmoarekin. Giroa ikusgarria izango da Katedrealean.

San Mamesek gaurik distiratsuenetako xarma berreskuratuko du gaurkoan. Katedralak gutxitan egiten dio huts taldeari, baina gaurkoa giro historikoen parera iritsiko da. Athletic eta Bartzelona arituko dira nor baino nor gehiago (22:00etan). Kopako final-zortzirenak besterik ez dira, baina berdin dio, gaur gau handia da eta athleticzaleek badakite ondo baino hobeto.

Zaleek Bartzelona ohartarazi dute sarrera guztiak agortuta. Taldeak ere. Caparrosek ere zuri-gorrien asmoen berri eman du. "Badakigu aurrean Bartzelona dugula, munduko talderik onena. Baina hau Kopa da eta San Mamesen gaude...". Esan gabeko mehatxua dakar esaldiak: Bartzelonak ez du bide erraza izango gaur Katedralean.

Guardiolak badaki eta ondo prestatu du gaurko neurketa. Deialdian denak sartu ditu, baita oporretatik heldu berria den Leo Messi, kili-kolo ibili den Carles Puyol eta Affelay neguko fitxaketa. Den-dena jarriko du berdegunean entrenatzaile katalanak.

Athleticek defentsako lanari eta estrategiako jokaldiei helduko die balentria lortzeko. Baina Caparrosek arazo franko ditu atzealdean ez baititu bere erdiko atzelari titularrak jokatzeko moduan edukiko. Ustaritzek eta Ociok euren aukera izango dute. Egin beharra, argia bezain zaila: ligako 17 partidetan 53 gol sartu duen taldea geldiaraztea.

Klub zuri-gorriak San Josek Deportivoren aurkakoan ikusitako txartel gorriari helegitea jarri dio eta partida hasi baino pixka bat lehenago jakingo da atzelari nafarrak jokatuko duen ala ez.

Ziurtzat gauza bakarra jo dezakegu, gaur Kabalgataren ostean San Mamesen erregeek hitzordua dutela, Kopako erregeek, alegia. Athletic-Barça San Mamesen, eta Bilboko zaleen asmoa, 2011ko Errege-gaua inoiz baino magikoagoa izan dadila.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic Club: Iraizoz; Koi, Ustaritz, Ocio, Iraola; Javi Martínez, Orbaiz, Muniain, Susaeta Gurpegi; eta Llorente.

FC Barcelona: Pinto; Alves, Puyol, Piqué, Abidal; Xavi, Busquet, Iniesta; Pedro, Villa eta Messi