Itxi

Athletic Club

80 milioi euro

Kepa Arrizabalaga, historiako atezain garestiena

eitb.eus

Chelseak 80 milioi euro ordaindu dizkio Athletici Ondarroako atezaina fitxatzeko. Ondorioz, Liverpoolek Alisson Becker fitxatzeko Erromari ordaindu zion kopurua (72,5 milioi) gainditu du.

  • Kepa Arrizabalaga. Argazkia: EFE

    Kepa Arrizabalaga. Argazkia: EFE

Kepa Arrizabalagak Athletic utzi du Chelsean aritzeko, bere etete-klausulako 80 milioi euroak behin ordainduta. Horrenbestez, gainditu egin du Liverpoolek Alisson Becker atezain brasildarra Erromatik fitxatzeko ordaindu zuen kopurua, 72,5 milioi, eta, hartara, historiako atezain garestiena bihurtu da.

Kloppek zuzentzen duen taldeko jokalari berriak Gianluigi Buffon gainditu zuen sailkapenean. Italiarra lehen postuan zegoen 2001etik, urte hartan Juventusek Parmari 52 milioi pagatu ostean.

Ondarroako atezainarena aurtengo udako merkatuan orain arte izan den hirugarren salerosketa garestiena da. Horren aurretik daude 135 milioi euroren truke Monakotik PSGra joan den Kylian Mbappe aurrelaria (Parisko taldean utzita jokatu zuen joan zen denboraldian), eta Cristiano Ronaldo, Juventusek Real Madrili 112 milioi ordaindu behar izan baitzizkion.

Historiako 10 atezain garestienak:

1.    Kepa: 80 milioi euro (Athleticetik Chelseara)
2.    Alisson: 72 milioi euro (Erromatik Liverpoolera)
3.    Buffon: 52 milioi euro (Parmatik Juventusera)
4.    Ederson: 40 milioi euro (Benficatik Manchester Cityra)
5.    Neuer: 30 milioi euro (Schalke 04tik Bayern Munichera)
6.    Pickford: 28,5 milioi euro (Sunderlandetik Evertonera)
7.    Toldo: 26,5 milioi euro (Fiorentinatik Inter Milanera)
8.    Leno: 25 milioi euro (Bayer Leverkusendik Arsenalera)
9.    De Gea: 25 milioi euro (Atletico Madrildik Manchester Unitedera)
10.  Meret: 22 milioi euro (Udinesetik Napolira)