Itxi

Athletic Club

0-0

Athleticek golik gabe berdindu du Valentziaren aurka

Erredakzioa

San Mamesen jokatu den partida hutsean (0-0) bukatu da. Zuri-gorriek hirugarren berdinketa jarraian eskuratu dute.

  • Athletic - Valentzia. Argazkia: EFE

    San Jose eta Coquelin, Athletic - Valentzia (0-0) partidan. Argazkia: EFE

Athleticek golik gabe (0-0) berdindu du Valentziaren aurka San Mamesen jokatu duen Ligako 10. jardunaldiko partida. Zuri-gorriek hirugarren berdinketa jarraian eskuratu dute, zazpigarrena denboraldi honetan. Valentziarentzat, aldiz, Ligan lortzen duen zortzigarren berdinketa da.

Athleticek bizi ekin dio neurketari, baina Valentziak zuri-gorrien bizitasuna moteltzea lortu du, norgehiagokari erritmo pausatuagoa emanda. Lehen minutuan Capak egin duen jaurtiketa harrapatu egin du Neto Valentziako atezainak eta 11. minutuan penaltia eskatu du Athleticek, baina epaileak ez du ezer adierazi. Zelai erdian lehia gogorra izan da bi taldeen artean. Valentziak 17. minutuan izan du lehen abagunea, oso argia gainera; Coquelinek pasea eman dio Batshuayiri, area barruan sartu da Athleticeko defentsek utzitako zuloari esker, baina Valentziako aurrelariaren errematea ondo harrapatu du Iago Herrerin atezainak. Talde bisitariak beste gol-aukera bat izan du 23. minutuan, gutxigatik kanpora joan den Kondogbiaren jaurtiketaren bitartez. Ondorengo minutuetan, bi taldeek falta piloa egin dituzte, eta Undiano Mallenco epaileak txartelak banatu behar izan ditu. Lehen zatiko azken txanpan, ez Athleticek ezta Valentziak ez dute abagunerik sortu, eta golik gabe bukatu dira hasierako 45 minutuak.

Bigarren zatiari hobeto ekin dio Valentziak, baina lehen abagunea Athleticentzat izan da 56. minutuan; Raul Garciak hegaletik erdiraketa egin, eta Mikel Ricoren errematea kanpora joan da. Hurrengo jokaldian, Gayak eragotzi du Adurizek errematea egitea. Valentziaren erantzuna 62. minutuan iritsi da; Solerrek pase dotorea eman dio Parejori, eta hau errematea egiteko prest egon denean, Yerayk baloia desbideratzea lortu du, talde bisitariaren abagunea ezerezean utzita.

Ireki egin da partida bigarren zatiaren erdialdetik aurrera, eta bi taldeek abaguneak sortu dituzte. Neurketako 69. minutuan Valentziak izan du aukera, nahiz eta Athleticeko defentsek arriskua aldentzea lortu duten. Bi minutu beranduago, 71.ean, talde zuri-gorriak izan du markagailuan aurretik jartzeko aukera; Raul Garciak area kanpotik egin duen jaurtiketa, ordea, kanpora joan da oso gutxigatik. Azken minutuetan erotu egin da partida. Talde bisitariak gola sartzea lortu du 77. minutuan, baina epaileak baliorik gabe utzi du Kondogbiaren gola, Gameirok jokaldian parte hatu baitu, eta jokoz kanpo egon baita. Lau minutu geroago, Rodrigok desbideratuta egin du jaurtiketa.

Azken txanpan, Rodrigok beste abagune bat izan du, baina area barruan indarge egin du errematea eta Iago Herrerinek harrapatu du baloia. Athleticek abagune bikoitza izan du azken minutuan; Raul Garciaren zartakoa Neto atezainak desbideratu du, eta Muniainek kanpora bota du area kanpotik egin duen jaurtiketa.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Iago Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; Dani García, San Jose, Mikel Rico (Muniain, 79. min); Susaeta (Unai Lopez, 88. min), Raul Garcia eta Aduriz (Williams, 61. min).

0 - Valentzia: Neto; Ruben Vezo, Garay, Gabriel Paulista, Gaya; Carlos Soler (Wass, 69. min), Parejo, Kondogbia, Coquelin; Batshuayi (Gameiro, 46. min) eta Rodrigo.

Epailea: Undiano Mallenco. Txartel horiak atera dizkie Athleticeko Capa (20. min) eta Yuri (76. min) jokalariei, baita Valentziako Ruben Vezo (16. min), Carlos Soler (35. min), Bathsuayi (38. min), Wass (74. min) eta Gaya (92. min) jokalariei.