Itxi

Athletic Club

Entrenamendua

Athletic Kopako partida prestatzen hasi da eta Vicentek lehen taldearekin lan egin du

Erredakzioa

Iñigo Vicente Bilbao Athleticeko jokalaria izan da berritasun nagusia talde zuri-gorriak asteartean egin duen lan-saioan. Williams, Dani Garcia, Raul Garcia, Yuri eta Cordoba ez dira berdegunean egon.

  • Athletic Club. Argazkia: EFE

    Athleticen lan-saio bateko artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Athleticek entrenamendua egin du astearte honetan Lezaman, bart Celtaren aurka garaipena (1-2) lortu eta gero. Gozatzeko denborarik gabe, prestatzen hasi da ostegunean Sevillaren aurka jokatuko duten Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partida.

Iñaki Williamsek eta Dani Garciak min hartuta amaitu zuten Balaidoseko neurketa, eta ez dira entrenatu. Yuri Berchiche eta Iñigo Cordoba ere ez dira berdegunean egon. Bestalde, Raul Garcia ere ez da zelaian agertu, nahiz eta Celtaren aurka ez zuen jokatu, zigortuta egon zelako. Dani Garciaren eta Williamsen lesioen diagnostiko zehatza jakitearen zain, min hartuta dauden Iñigo Lekue eta Mikel Rico dira jokatu ezingo duten futbolari bakarrak.

Sevillaren aurkako neurketa ostegunean jokatuko da San Mamesen, 19:30ean. Athleticek entrenamendua egingo du asteazkenean, 18:00etan, Lezaman. Ostegunean, neurketaren ostean, San Mamesen bertan egingo dute lan-saioa jokatu ez duten futbolariek. Ostiralean, 10:30ean, entrenamendua egingo dute zuri-gorriek Lezaman (ateak irekita), eta larunbatean beste entrenamendu bat egingo dute, 18:00etan. Igandean, berriro Sevilla izango dute aurkari Ligan (16:15ean, San Mamesen).