Itxi

Athletic Club

La Ceramica estadioan

Gehiago merezi izan du Athleticek Vila-realen aurkako berdinketa polemikoan (1-1)

Agentziak | Erredakzioa

86. minutuan eta markagailua bana zegoenean, epaileak Williamsek egindako gola baliorik gabe utzi du, VAR laguntzaile teknikoa kontsultatu ostean.

  • Yuri Berchiche, partidako jokaldi batean

    Yuri Berchiche, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Athleticek hiru puntu gehiago lortzeko aukera paregabea galdu du La ceramican Vila-realen aurka jokatutako partidan. Bilbotarrek aurrea hartu dute markagailuan, eta partida bana zegoenean, epaileak baliorik gabe utzi du Iñaki Williamsek egindako gola, zalantza handiko jokoz kanpokoa adierazita.

Gaizka Garitanoren taldeak Asenjo estutu du hasieratik Ibairen jaurtiketa batekin, Funes Moriren huts bat aprobetxatuta, baina baloiak langan jo du.

Hurrengo minutuetan partidak ez du jabe argirik izan; bi taldeak saiatu dira aurkariaren atera hurbiltzen, baina ideia handirik gabe. 19. minutuan, baina, Yurik erdiraketa egin du areara eta Jaume Costa baloia aldaratzen saiatu da, baina azkenean bere atean sartu du (0-1).

Lehen zatiaren amaieran Vila-real oso urduri aritu da eta ez du gol aukerarik sortu.

Etxeko taldea berdinketaren bila atera da atsedenaldiaren ostean, eta ahaleginak saria izan du. Pedrazak ezkerretik erdiratu du baloia eta Ekambik, lurretik, banakoa lortu du etxekoentzat.

Polemika, azken minutuetan

Neurketaren amaieran lehoiek erasora egin dute, eta bukaerarako bost minuturen faltan epaileak baliorik gabe utzi du Iñaki Williamsek egindako gola, Yuri jokoz kanpo zegoela adierazita. Erabakia VAR laguntzaile teknikoarekin kontsultatu ostean berretsi du.

Azkenean, puntu bana Vila-real eta Athleticentzat.

Fitxa teknikoa

1 - Villa-real: Asenjo, Mario, Álvaro, Funes Mori, Jaume Costa (Pedraza, 58. min), Trigueros, Iborra, Fornals (Chukwueze, 58. min), Cazorla, Ekambi eta Gerard Moreno (Bacca, 65. min).

1 - Athletic: Herrerín, Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri, Dani García, Beñat (San José, 73. min), Córdoba, Muniain, Ibai (Óscar de Marcos, 76. min) eta Williams (Guruzeta, 91. min).

Golak: 0-1, 18. min: Jaume Costak, bere atean. 1-1, 71. min: Ekambi.