Itxi

Athletic Club

Erreginaren Kopa

Athleticek kanporaketa gainditu nahi du San Mamesen bultzadarekin

eitb.eus

Zuri-gorriek Atletico Madrilen aurka jokatuko dute gaur arratsaldeko 19:00etan Kopako finalerdiak lortzeko asmoakin.

  • Jokalari zuri-gorriak gol bat ospatzen.

    Jokalari zuri-gorriak gol bat ospatzen. Argazkia: ETBko bideo batetik ateratako irudia

Athleticek Atletico Madril, Iberdrola Ligako liderra, hartuko du gaur, Erreginaren Kopari dagokion final-laurdenetan. Kanporaketa partida bakarrera jokatuko da, San Mamesen.

Norgehiagokak ikusmin handia piztu du zale zuri-gorrien artean; izan ere, klubak hainbat ekimen jorratu ditu norgehiagoka sustatzeko, eta, horien eraginez, agortu egin dira publikoarentzat zuzenduta zeuden sarrera guztiak, Athletic bera jakitera eman duenez.

Horrenbestez, publiko ugari bertaratuko dela aurreikusten da, bazkideek zer egiten duten zain.

Partidaren aurretik emandako prentsaurrekoan, Joseba Agirre bilbotarren entrenatzailea oso pozik agertu da neurketak izan duen oihartzunagatik: "Partidarako deialdia sekulakoa izan da eta espero dut denok San Mamesera etortzea".

Kanporaketa berari dagokionez, jakitun dira oso erronka zaila dela Iberdrola Liga azken bi denboraldietan irabazi duen taldeari aurre egitea, baina "garaipena lortu" dezaketela uste dute.

Bere aldetik, Atletico indar betean iritsiko da Bilbora, Malagaren aurka azken jardunaldian lortutako azken garaipenarengatik (4-1).

Jose Luis Sanchez Vera talde madrildarreko teknikariaren esanetan, bere "taldea oso prestatuta" iritsiko da kanporaketara. Horrez gain, San Mames "beteta egotea" espero duela azaldu du. "Oso ona izango litzateke emakumeen futbolarentzat eta futbolarientzat beraientzat", gaineratu du.

Halaber, Sanchez Verak "oso kanporaketa zaila" izatea espero du, Athleticek min egin diezaiekeela irizten baitio, nahiz eta azken jardunaldian Bartzelonaren aurka galdu (2-1).

Fitxa teknikoa:

Ordua: 19:00.

Futbol-zelaia: San Mames.

Txapelketa: Erreginaren Kopako final-laurdenak.