Itxi

Athletic Club

1-0

Athleticek porrota jaso du Getaferen aurka eta agur esan dio Championsaren ametsari

eitb.eus

Talde zuri-gorriak 1 eta 0 galdu du Alfonso Perez Coliseumean eta Txapeldunen Ligako ametsari agur esan dio, aurkari zuzen baten kontra galdu baitu.

  • Getafe - Athletic. Argazkia: EFE

    Getafe - Athletic partidako irudia. Argazkia: EFE

Athleticek porrota jaso du Getaferen aurka (1-0), eta agur esaten dio Txapeldunen Ligan sartzeko ametsari, Madrilgo taldea aurkari zuzena baita lehia horretan. Orain, zazpi puntura aldendu da Getafe. Hori bai, Europa Ligako postuak hiru puntura ditu talde zuri-gorriak.

Lehen zatia oso parekatua eta lehiatua izan da, baita abagune gutxikoa ere. Bi taldeak sendo mantendu dira defentsako lanean, eta kosta egin zaie abaguneak sortzea. Bosgarren minutuan eman du Athleticek lehen abisua; Williamsek pasea eman du area barrura, Ibai ez da errematera iritsi, eta Yuriren jaurtiketa gora joan da. Gaizka Garitanok lehen aldaketa egin behar izan du 14. minutuan, Ibai Gomez lesionatu egin baita, jauzi bat egin ostean orkatila bihurrituta, hanka lurrean jartzerakoan. Susaeta zelairatu da Ibairen ordez. Lehen zatiko gol aukera onena talde zuri-gorriak izan du 29. minutuan, baina Iñigo Cordoba ez da gola sartzeko gai izan, area barrutik egindako jaurtiketa David Soriaren eskuetara bidalita. Bakarrik geratu da Cordoba atezainaren aurrean, baina ez du asmatu. Getafek ere aldaketa bat egin du atsedenaldira heldu orduko. Bordalas entrenatzaileak Portillo zelairatu du Foulquierren ordez. Getafek ez du abagune bakar bat ere sortu lehen 45 minutuetan.

Bigarren zatiaren hasieran Athletici kosta egin zaio neurketan sartzea eta Getafe izan da baloiaren jabe. Madrilgo taldeak abagune oso argia izan du 56. minutuan; Matak, ordea, oso gutxigatik kanpora bidali du errematea, area barruan bi aurkariri izkin egin ostean. Jokaldi bikaina egin du Getafeko aurrelariak, baina ez du errematea egiterakoan asmatu.

Getaferen abagune argiaren ostean, berriro asko parekatu da partida, eta bi taldeetako batek ere ez du aukerarik sortu. Hala ere, etxeko taldeak arrisku-sentsazio gehiago eramaten izan du. Gauzak horrela, 77. minutuan, Getafek gola sartu du. Angelek bizkarra hartu dio Yerayri, bakarrik geratu da Iago Herrerinen aurrean eta 1-0ekoa sartu du.

Azken txanpan, Athletic saiatu da berdinketaren bila jotzen, baina Getafe sendo mantendu da defentsako lanean, ez dio aukerarik eman talde zuri-gorriari, eta hiru puntuak Alfonso Perez Coliseumean geratu dira.

Fitxa teknikoa:

1.- Getafe: Soria; Damian Suarez, Bruno, Djene, Antunes; Foulquier (Portillo, 40. min), Arambarri, Maksimovic, Olivera (Angel, 57. min); Jorge Molina (Ignasi Miquel, 93. min) eta Jaime Mata.

0.- Athletic: Herrerin; De Marcos, Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; San Jose, Dani Garcia; Ibai Gomez (Susaeta, 16. min), Raul Garcia, Cordoba (Aduriz, 79. min); eta Williams (Kodro, 70. min).

Golak: 1-0, 78. min: Angel.

Epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak atera dizkie Athleticeko San Joseri (11. min) eta Getafeko Damian Suarezi (32. min) eta Angeli (60. min).