Itxi

Athletic Club

3-2

Athleticek irabazi egin dio Rayori eta Europa Ligan sartzeko borrokan jarraitzen du

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 3 eta 2 irabazi dio Rayo Vallecanori. Williamsek bi gol sartu ditu, eta, Raul Garciak bat. VARaren laguntza behar izan du epaileak hainbat jokalditan.

  • Athletic Club. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak, Williamsek Rayori sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Rayo Vallecanoren aurka (3-2) eta bete-betean sartuta jarraitzen du Europa Ligara sailkatzeko txartelak ematen dituzten postuen lehian. Rayok, aldiz, gero eta zailago du salbazioa lortzea.

Partida eroa izan da, eta hainbat bitxikeria izan ditu: bost gol egon dira, jokalari bat egotzita, epaileak VARaren laguntza behar izan du hiru jokalditan, gol bat baliorik gabe uzti du epaileak, penalti bat adierazi du gertatu eta minutu bat beranduago, penalti-jaurtiketan huts egin du Athleticek, eta beste penalti bat adierazi du epaileak, baina VARa kontsultatu ostean ez dela penaltia izan erabaki du.

Bizi eta erasokor ekin dio Athleticek neurketari, eta bigarren minutuan gola sartu du, Iñaki Williamsen bitartez (1-0). Beñatek erdiratu du, Williamsek baloia jaso area barruan, eta aurrelari zuri-gorriaren jaurtikea sare barrura joan da, Amatengan jo ostean.

Jaun eta jabe izan da Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldea lehen minutuetan. Ez dio arnasa hartzen utzi Rayo Vallecanori eta bigarren gola sartzeko abaguneak izan ditu. Martinez Munuera epaileak penaltia adierazi du Athleticen alde, 18. minutuan. Hasieran ez du ezer adierazi, baina VARa begiratzeko esan diote, eta jokaldia ikusi ostean, penaltia adierazi du. Alberto atezainak penalti jaurtiketa gelditu dio Raul Garciari.

Penaltia huts egin ondoren, aldatu egin da neurketa. Rayo Vallecanok erasora jo du, eta berdinketa gero eta gertuago izan du. Athleticek momentu txarrak pasa ditu, eta atsedenaldira iritsi orduko, Alex Morenok banakoa (1-1) egin du. Bere lehen gola sartu du Lehen Mailan Rayoko futbolariak.

Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi da. Neurketako 50. minutuan, Williamsek Athleticen bigarren gola sartu du (2-1). Jokaldi ona egin, eta Alberto atezaina gainditu du, baloiak Abdulaye Barengan jota. Baina bigarren gola jasotzea ez da izan Rayo Vallecanok jaso duen albiste txarrena, Advinculak bi txartel horia ikusi baititu bi minututan (49 eta 51), eta egotzia izan baita.

Mario Suarezek izan du partida berriro berdintzeko aukera Rayorentzat. Williamsek eta Cordobak, aldiz, abagune argiak huts egin dituzte Athleticentzat. Gauzak honela, Madrileko taldeak lehia berdintzea lortu du Mario Suarezek sartutako gol bati esker, baina epaileak baliorik gabe utzi du, VARa kontsultatuta, Rayoko jokalari bat jokoz kanpo zegoelako.

Azken txanpa, joan-etorri ugarikoa izan da, eta lehia horretan Athletic izan da nagusi. Zuri-gorriek bi gol-aukera argi huts egin dituzte berriro. Baina, 72. minutuan, Raul Garciak hirugarren gola sartu du (3-1) talde bizkaitarrarentzat. Area barrutik jaurtiketa gurutzatua atera, eta Alberto atezaina gainditu du.

Rayo jokalari bat gutxiagorekin egon arren, ez da kokildu, eta arrisku sentsazioa eraman du Herrerinek defendatutako ate ingurura. Norgehiagokako 82. minutuan, De Marcosek oso gaizki defendatu du Rayoren erasoko jokaldia, eta Raul de Tomasek gola sartu du (3-2). Amaierako minutuetan, ondo eutsi dio Athleticek aurkariari eta garaipena lortu du.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Herrerin; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri (Lekue, 60. min); Dani Garcia (Unai Lopez, 57. min), Beñat; Muniain (Kodro, 89. min), Raul Garcia, Cordoba; eta Williams.

2 - Rayo Vallecano: Alberto; Advincula, Abdoulaye, Amat, Tito; Mario Suarez (Di Santo, 79. min), Medran (Embarba, 69. min); Bebe, Pozo, Alex Moreno (Alvaro, m.74); eta Raul de Tomas.

Golak: 1-0, 2. min: Williams. 1-1, 45. min: Alex Moreno. 2-1, 50. min: Williams. 3-1, 72. min: Raul Garcia. 3-2, 85. min: Raul de Tomas.

Epailea: Martinez Munuera. Rayoko Advincula egotzi du 52. minutuan, bi txartel horia aterata. Txartel horiak atera dizkie baita, Athleticeko Williamsi (94. min), eta Rayoko Abdoulaye Bari (68. min).

VAReko epailea: Pablo Gonzalez Fuertes.