Itxi

Athletic Club

Ez du kontratua luzatuko

Susaetak ez du Athleticen jarraituko

eitb.es

Talde zuri-gorriak jakinarazi duenez, jokalari eibartarrak 'amaitutzat jo du bere ibilbidea' Athleticen, eta 'ez du kontratua berrituko'.

  • Markel Susaeta

    Markel Susaeta. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutako irudia

Markel Susaeta erdilariak ez du Athleticen jarraituko datorren denboraldian, talde bilbotarrarekin kontratua berritzeari uko egin eta gero. Hala jakinarazi du klub zuri-gorriak astelehen honetan plazaratu duen oharraren bidez.

Aipatu oharrean zabaldu dutenez, Susaetak "amaitutzat jo du" Athleticen izan duen ibilbidea, eta, hartara, "ez du datorren ekainaren 30ean amaitzen den kontratua berrituko".

Ohar horretan azaldu dutenaren arabera, taldeko kapitainak "joan zen astean" jakinarazi zion klubari "uko" egin diola datorren denboraldian taldean jarraitzeko "mahai gainean jarritako proposamenari".

Susaetak (31 urte) Athleticen eman ditu azken 22 denboraldiak. 1997an sartu zen talde zuri-gorriaren harrobian, alebinetan, eta 2007an debutatu zuen lehen taldean. Hartara, 12 denboraldiz jokatu du Athleticen talde nagusian.

Eibarko hegalekoa beste inor baino gehiagotan aritu da Europan elastiko zuri-gorria soinean jantzita (75), eta bosgarren tokian ageri da Athleticekin norgehiagoka ofizial gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan (506). Bere aurretik daude Jose Angel Iribar (614), Txetxu Rojo (541), Joseba Etxeberria (514) eta Andoni Iraola (510). Horrez gain, 2015/2016 denboraldian eskuratutako Superkopa ageri da bere palmaresean.

Zabaldutako oharrean, Bilboko klubak bere esker ona adierazi dio Susaetari, eta, era berean, bi hamarkadatan zehar "eskainitako profesionaltasuna eta konpromisoa" azpimarratu ditu.

Datozen egunetan, Susaetak prentsa agerraldia egingo duela gaineratu du Athleticek.

Behin Susaetak, Iturraspek, Ricok eta Remirok taldean jarraituko ez dutela jakin ostean, Aritz Adurizen egoera argitzea besterik ez da geratzen, bera baita aurten kontratua amaitzen duen beste jokalaria.