Athletic Club
Lansaioa
Cordoba eta Iñigo Martinez zalantza dira Getaferen aurkako partidarako
Erredakzioa
Iñigo Cordobak min hartu du lesioa zuen eskuin belaunean, astelehen honetako Athleticen entrenamenduan. Iñigo Martinez ere zalantza da Coliseumeko neurketarako, Ibai Gomezekin batera.
-
Iñigo Cordoba. Argazkia: EFE
Iñigo Cordoba Athleticeko jokalariak min hartu du lesioa zuen eskuin belaunean, astelehen honetako entrenamenduan. Ondorioz, ia ezinezkoa izango da hegaleko erdilaria prest egotea Getaferen aurkako Ligako bigarren jardunaldiko partidarako.
Cordobak ez zuen Bartzelonaren aurka jokatu ostiralean, Ligako lehen partidan, min hartuta egon baitzen eskuin belaunean izan zuen lesio baten eraginez. Asteleheneko entrenamendua taldekideekin batera hasi du, baina erdiraketak eta erremateak lantzeko egin dituzten ariketetan, min hartu du eskuin belaunean. Cordobak mina igarri du baloia jotzerakoan, eta Josean Lekue medikuak aztertu ostean, Lezamako zelaia utzi behar izan du.
Bestalde, Iñigo Martinez ere zalantza da Getaferako. Ondarroako futbolariak sendatze-prozesuarekin jarraitzen du, eta oraindik zaila da jakitea Coliseumeko neurketarako prest egongo den. Ibai Gomezek eta Iñigo Lekuek, euren sendatze-prozesuekin jarraitzen dute.
Ligako bigarren jardunaldirako zalantza dira Iñigo Cordoba, Iñigo Martinez eta Ibai Gomez, baina Gaizka Garitano entrenatzaileak iragan astean adierazi bezala, hiruretako bat Getafen jokatzeko prest izatea espero du.