Athletic Club
1-1
Athleticek puntu bat lortu du Getaferen aurka
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak bana (1-1) berdindu du Alfonso Perez Coliseumean jokatu duen partida. Raul Garciak sartu du lehen gola, eta Matak berdindu du neurketa.
-
Getafe - Athletic Club (1-1) partidako irudia. Argazkia: EFE
Athleticek bana (1-1) berdindu du Getaferen aurka jokatu duen Ligako bigarren jardunaldiko partida. Coliseum Alfonso Perez zelaian lortutako puntuari esker, talde zuri-gorriak lau puntu ditu jada.
Partidari oso ondo ekin dio Athleticek eta bosgarren minutuan gola sartu du Raul Garciaren bitartez (0-1). Pozak, ordea, ez dio asko iraun talde zuri-gorriari, Matak lehia berdindu baitu (1-1) 11. minutuan. Getaferen golak min egin dio talde bizkaitarrari, eta Getafe nagusi izan da, abagune argirik sortu ez duen arren. Lehen zatiaren azken txanpan suspertu da Athletic. Zuri-gorriek ez dute aukera argirik izan, baina Mateu Lahoz epaileak ez du Athleticen aldeko penalti bat adierazi, area barruan baloiak Cabreraren eskuan jo ostean. Gainera, atsedenaldiaren aurretik, De Marcosek zelaia utzi du min hartuta, eta Larrazabal sartu da haren ordez.
Bigarren zatian, bi taldeetako batek ere ez ditu sortu gola sartzeko aukera argiak. Defentsako lan bikaina egin dute Getafek eta Athleticek, eta neurketa bana berdinduta amaitu da.
Fitxa teknikoa:
1 - Getafe: David Soria; Damian Suarez, Djene, Cabrera, Raul Carnero (Nyom, 65. min); Fajr (Portillo, 76. min), Maksimovic (Bergara, 40. min), Arambarri, Cucurella; Enric Gallego eta Mata.
1 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Nuñez, Yeray, Yuri; Beñat (Aduriz, 73. min), Dani Garcia; De Marcos (Larra, 45. min), Raul Garcia, Muniain (San Jose, 89. min); eta Williams.
Golak: 0-1: 5. min, Raul Garcia; 1-1: 11. min, Mata.
Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak atera dizkie Damian Suarez (64. min) eta Bergara (84. min) Getafeko jokalariei, baita Capa (4. min) Athleticeko futbolariari ere.