Itxi

Athletic Club

Min hartuta

Muniainek giharretako lesioa dauka eta ez da Sadarren izango

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Athleticeko kapitaina 3-4 aste egon daiteke futbol-zelaietatik aldenduta.

1:25
Iker Muniainek entrenamendua utzi behar izan duen unea.

Iker Muniain Athleticeko jokalariak giharretako lesioa dauka ezker hankako bizeps femoralean, taldeak berak jakinarazi duenez. Ondorioz, hainbat partida egongo da jokatu ezinda, horietako lehena igande honetan Iruñean izango den Osasunaren aurkako euskal derbia.

Zuri-gorrien kapitainak asteazken honetan Lezaman egindako entrenamenduan hartu du min, eta klubeko medikuen laguntzarekin alde egin behar izan du lan-saiotik.

Nafarrari egindako probek gerora baieztatu dutenez, Muniainek "II. graduko giharretako lesioa dauka ezker hankako bizeps femoralean". Athleticek plazaratu duen oharraren jasotzen denez, lesioaren bilakaeraren arabera itzuliko da taldeko lanera; alabaina, badirudi 3 eta 4 aste bitartean egongo dela zelaietatik kanpo.

Horrenbestez, Muniainen hutsunea eragozpen nabarmena da Gaizka Garitanorentzat, zuri-gorriek asko hobetu baitute euren jokoa Txantreakoak punta-erdi lanetan jokatzeari ekin dionetik. Gainera, bolada onean zegoen golari begira, azken hiru neurketetan hiru erdietsi baititu: bi Espanyolen aurka (3-0) eta beste bat Levanteren kontra (2-1).