Itxi

Athletic Club

ERREGE KOPA

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Intercityri eta aurrera egin du (0-3)

EITB.EUS

Zuri-gorriak lehen minutuan aurreratu dira, Ibai Gomezen bitartez. Bigarren zatian iritsi dira Beñat eta Kenan Kodroren golak.

  • Athleticeko jokalariak Ibai Gomezen gola ospatzen.

    Athleticeko jokalariak Ibai Gomezen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek ez du arazorik izan Intercityri irabazi eta Errege Kopako hurrengo kanporaketara sailkatzeko (0-3) Elxeko Martinez Valero futbol-zelaian jokatutako neruketan.

Zuri-gorriek neurketa hasi eta berehala hartu dute aurrea markagailuan. Lehen minutua bete orduko, Gaizka Larrazabalek erdiraketa egin du eskuin hegaletik eta kontrako hegaletik area barruan sartu den Ibai Gomezek ezin hobeto gurutzatu du baloia etxeko atezainarengandik urruti.

Bilbotarrak nagusi ziren berdegunean, eta lehen zati lasai bizi izan dute kanporaketan aurretik zeudela ikusita. Etxekoak saiatu dira arriskua eramaten Herrerinen atera, baina eraginkortasunik gabe.

Hartara, bilbotarrak izan dira bigarren gola erdiesteko beste aukera argi bat izan dutenak atsedenaldia gertu zegoela; ordea, Beñatek areaz kanpotik jotako zartakoak zutoinaren aurka jo du bete-betean.

Bigarren zatiari ere bikain ekin diote Garitanoren mutilek, bi hurbilketa arriskutsu izan ostean, bigarren gola lortu baitute 52. minutuan. Beste behin ere Larrazabalek eskuin hegaletik sakondu du, eta area ertzera egin duen erdiraketa ezin hobeto baliatu du Beñatek gol dotorea sartzeko.

Hortik aurrera, etengabeak izan dira zuri-gorriek pilatu dituzten abaguneak hirugarren gola egiteko. Azkenerako, norgehiagoka amaitzeko hiru minuturen faltan iritsi da. Zelaira sartu berria zen Kenan Kodro aurrelariak barnealdia egin du ezkerretik, eta area barruan defentsari iskin egin dionean hark zangotrabatu egin du. Penalti argia izan da eta epaileak ez du adierazteko zalantzarik eduki.

Aurrelari bosniarrak berak hartu du hamaika metroetatik jaurtiketa egiteko erantzukizuna, eta ez du barkatu.

Horrenbestez, Gaizka Garitanoren taldeak hurrengo kanporaketan parte hartuko, hura ere partida bakarrera jokatuko dena.

Fitxa teknikoa:

0- Intercity: Poveda, Baldo, Alexis, Fomeyem, Paco Peña (Iñaki Pardo, 2. min) (Eldin, 71. min), Jose García, Cristian Herrera (Paco Candela, 66. min), Coco, Joran, Oscar Rico eta David Torres.

3- Athletic Club: Herrerin, Lekue, Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga, Beñat, Vesga, Larrazabal (Kodro, 82. min), Raul Garcia (Sancet, 67. min), Ibai eta Villalibre (Williams, 67. min).

Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: Coco (Intercity).

Golak: 0-1, 1. min: Ibai. 0-2, 53. min: Beñat. 0-3, 86. min: Kodro, penaltiz.

Gertakariak: Elxeko Martinez Valero estadioan jokatutako Errege Kopako lehen kanporaketako partida, 4.971 ikusleren aurrean.