Itxi

Athletic Club

1-1

Sanchez Pizjuan zelaian berdinketa erdietsi ondoren, begiz jota du Athleticek Europa

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Europan aritzeko postuak gero eta hurbilago dituzte zuri-gorriek Sevillaren aurka berdinketa erdietsi ondoren. Capak egin du lehena 15. minutuan eta 60. minutuan, Nuñezek bere atean egin du gola.

  • Ander Capa eta Oliver Torres. Argazkia: EFE

    Ander Capa eta Oliver Torres. Argazkia: EFE. Argazkia: EFE

Berdinketa izan da nagusi Sanchez Pizjuan zelaian Sevillaren eta Athleticen artean. Biek ala biek puntu bana eskuratu dute, beraz, Europara begira jarrita. Sevillak Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzen du eta zuri-gorriek Europako postuak gero eta hurbilago dituzte.

Sevillakoa ez da zelai batere kuttuna zuri-gorrientzat, izan ere, bertan zelairatutako azken aldietan ez dute emaitza bereziki onik eskuratu.

Bernabeun lortutako berdinketa baliotsuarekin eman zioten amaiera zuri-gorriek 2019. urteari eta bolada onari jarraipena emanez iritsi nahi du 2020an Europan aritzera.

Neurketaren aurreneko ordu laurdenean gehiegi sufritu gabe aritu da Athletic, eta ordu laurden horren bukaeran Ander Capak lehen gola egin du zuri-gorriei nagusitasuna emanez. Ezker hankarekin kontrola egin eta arean sartzea lortu du, eskuinarekin jaurti eta gola eginez (0-1).

Baloia galdu gabe aritu da hurrengo minutuetan Athletic, baina atsedenaldiaren ostean, Sevillak bestelako aurpegia eskaini du, askoz ere lehiakorragoa eta jokaldietan are eta arriskutsuago aurkeztuz.

49. minutuan, epaileak baliogabetu egin du Kodroren gola, jokalari zuri-gorria jokoz kanpo baitzegoen. Athleticek ondo jo du kontraerasoan.

60. minutuan, ordea, berdinketaren gola iritsi da, Nuñezek bere atean sartu baitu baloia (1-1).

Bigarren zatia aldapatsua izan da oso Athleticentzat Sevillak indar handia erakutsi baitu, baina eustea lortu du Garitanoren taldeak.

Bi aldaketa egin ditu entrenatzaile zuri-gorriak, lehena Villalibre zelairatu du Kodroren ordez, eta bigarrena, Williamsek min hartu du eta Unai Lopez zelairatu du bere ordez.

Bukatze aldera, bai Sevilla bai Athletic nor baino nor gehiago aritu dira azken unera arte. Talde andaluziarreko jokalariak azken aukeraren bila aritu dira luzapenean, baina zurigorriek eustea lortu dute. Puntu banaketa, beraz, Sanchez Pizjuan zelaian eta jada zuri-gorriek begiz jota dute Europan jokatzeko aukera.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Vaclik; Jesus Navas, Carriço (Escudero, 46.m), Diego Carlos, Kounde; Jordan, Fernando, Banega; Ocampos, Munir (Franco Vazquez, 82.m), Oliver Torres (De Jong, 46.m).

1 - Athletic: Unai Simon; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Raul Garcia, Dani Garcia, Mikel Vesga; Williams (Unai Lopez, 73.m), Kodro (Villalibre, 70.m).

Golak: 0-1, 15.m: Capa. 1-1, 60.m: Unai Nuñez, bere atean.

Epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez.