Itxi

Athletic Club

Primera Iberdrola Liga

Athleticek porrota jaso du Bartzelonaren aurka, San Mamesen

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 0-3ko emaitzarekin galdu du Primera Iberdrola Ligako 15. jardunaldiko partida. 32.068 ikusle bildu dira Katedralean.

4:29
Athletic Club - Bartzelona. Argazkia: EFE

Athleticek porrota jaso du Bartzelonaren aurka (0-3) San Mamesen jokatu duen Primera Iberdrola Ligako 15. jardunaldiko partidan. Guztira, 32.068 ikusle bildu dira Katedralean.

Hasierako minutuetan Bartzelona izan da baloiaren jabe, eta lehen abagunea izan du Kataluniako taldeak 7. minutuan, gutxigatik kanpora joan den Mertensen jaurtiketa batekin. Athleticen erantzuna 15. minutuan iritsi da, langa gainetik kanpora joan den jaurtiketarekin. Jokalari zuri-gorria Barçako defentsako lerroaren hutsaz baliatu da, baina ez du atea aurkitu. Minutuak aurrera joan ahala, Athletic erasokorragoa izan da, eta abagunea izan du 30. minutuan; Maite Oroz, ordea, ez da iritsi Luciaren erdiraketa errematatzera. Horrenbestez, golik gabe amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatiaren hasieran parekotasuna izan da nagusi. Athletic ondo kokatuta egon da, eta Bartzelonari zulorik ez uztea lortu du. Hala ere, 64. minutuan, Bartzelonak gola sartu du bigarren zatian izan duen lehen abagunean; Marionak area kanpotik jaurti, eta gol ikusgarria sartu du (0-1).

Gola hartu ostean, Athleticek erasora jo du, baina zuri-gorriak ez dira gai izan abagune argiak sortzeko. Bartzelona atzean sartuta egon da, eta kosta egin zaio erasora ateratzea. Hala ere, 78. minutuan, Oshoalak 0-2koa sartu du, hegaletik zetorren erdiraketa buruz sare barrura bidalita. Bigarren gol honek guztiz erabakita utzi du norgehiagoka, eta Athletic aldeak murrizten saiatu den arren, ez du horretarako abagunerik izan. Bartzelonak kontrolpean izan du partida azken txanpan, eta garaipena biribildu du, 86. minutuan Oshoalak sartutako golarekin (0-3).

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Andrea de la Nava; Oihane Hernandez (Eunate Arraiza, 77. min), Marta Unzue (Andrea Sierra, 77. min), Garazi Murua, Ainhoa Vicente 'Moraza'; Damaris Egurrola, Oihane Valdezate (Nekane Diez, m.65), Maite Oroz; Lucia Garcia, Erika Vazquez eta Ane Azkona (Yulema Corres, 65. min).

3 - Bartzelona: Sandra Paños; Marta Torrejon, Andrea Pereira, Mapi Leon, Leila Ouahabi (Melanie Serrano, 90. min); Patri Guijarro, Aitana Bonmati (Candela Andujar, 84. min), Alexia Putellas (Kheira Hamraoui, 70. min); Lieke Martens (Asisat Oshoala, 59. min), Mariona Caldentey eta Jenni Hermoso.

Golak: 0-1, 64. min: Mariona Caldentey. 0-2, 77. min: Asisat Oshoala. 0-3, 86. min: Asisat Oshoala.

Epailea: Elia Maria Martinez Martinez. Txartel horiak atera dizkie Oihane Hernandez (41. min) eta Ane Azkona (43. min) Athleticeko jokalariei.