Itxi

Athletic Club

ERREGE KOPA 1/8

Final-laurdenetara sailkatzen saiatuko da gaur Athletic Tenerifen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Estreinakoz jokatuko dute zuri-gorriek Teneriferen aurka Errege Kopan. Ligari dagokionez, 2009ko irailean aritu ziren azken aldiz kanariarren etxean, eta 1-0 galdu zuten orduko hartan.

0:35
Gaizka Garitano

Athleticek eta Tenerifek irekiko dituzte gaur gaueko 21:00etan Errege Kopako final-zortzirenak Heliodoro Rodriguez futbol-zelaian, partida bakarrera jokatuko den kanporaketan.

Gaizka Garitanoren mutilek Bigarren Mailan bizi duen egoerarekin kezkatuago dagoen aurkaria izango dute aurrez aurre; izan ere, Ruben Barajaren taldea jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dago. Hartara, litekeena da burua asteburuko Sportingen aurkako lehian jarrita izatea gehiago.

Tenerifek ez du Kopa txapelketako 16 onenen artean sartzea lortu 2000-2001 denboralditik. Are gehiago, final-laurdenetara sailkatu zen azken aldia 1995-96 denboraldian izan zen. Balentria hori errepikatzeko, Lehen Mailako beste talde bat kanporatu beharko du oraingoan, final-hamaseirenetan Valladolidekin egin zuen legez.

Bilbotarrek ondo baino hobeto dakite Kopako formatu berriak dakartzan zailtasunak, Elx kanporatzeko penalti-jaurtiketen beharra izan baitzuten (1-1 partida amaieran eta 4-5 penaltietan).

Garitanoren hamaikakoa zein izango den aurretik asmatzea beti zaila bada, are zailagoa izango da oraingo honetan, Tenerifekoa laugarren norgehiagoka izango baita bederatzi egunen buruan zuri-gorrientzat.

Gauza segurua da Iago Herrerin atepean arituko dela, nahiz eta azken asteetan paperak jota ibili den Unai Simon itzuli den gainerako taldekideekin entrenatzera.

Gainontzean, izen gutxi jo daitezke ziurtzat. Litekeena da Kopan titular gisa ari den Unai Nuñez hasieratik aritzea, baita Espanyolen aurka ordezkoen artean egon zen Raul Garcia ere.

Dena den, begirada guztiak Asier Villalibre aurrelariarengan egongo dira jarrita, jokatuz gero, larunbatean lehen aldiz aritu baitzen titular gisa Ligan, eta gol batekin biribildu zuen estreinaldi hori. Aitzitik, atseden har dezakeena Iñaki Williams izan daiteke, azken hiru neurketetan hasierako hamaikakoan egon baita.

Balizko hamaikakoak:

Tenerife: Ortola, Moore, Carlos Ruiz, Sipcic, Lasure, Undabarrena, Javi Alonso, Suso, Luis Milla, Elliot eta Joselu.

Athletic: Iago Herrerin, Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Unai Lopez, Muniain, Raul Garcia eta Villalibre.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes.

Futbol-zelaia: Heliodoro Rodriguez Lopez.

Ordua: 21:00.