Itxi

Athletic Club

Primera Iberdrola Liga

Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Deportivoren aurka

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 0-2ko emaitzarekin irabazi du Primera Iberdrola Ligako 19. jardunaldiko norgehiagoka. Ane Azkona eta Lucia Garcia izan dira golegileak.

  • Athletic Club. Argazkia: @AthleticClub

    Athleticeko jokalariak Deportivori sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: @AthleticClub

Athleticek garaipena lortu du Deportivoren aurka (0-2) Primera Iberdrola Ligako 19. jardunaldiko partidan. Aurkari zuzen bati irabaztea lortu du talde zuri-gorriak eta sailkapeneko laugarren postuan da, 30 punturekin.

Hasiera ezin hobea eman dio partidari Athleticek, lehen minutuan gola sartu baitu Ane Azkonaren bitartez (0-1). Zuri-gorrien gola jaso ostean, Deportivok erasora jo du, eta abagune argia izan du 15. minutuan, baina Alba Merinok langara bota du jaurtiketa. Neurketako 24. minutuan albiste txarra jaso du Athleticek, Irene Ogizak zelaia utzi behar izan baitu min hartuta. Lucia Garciak ordezkatu du Ogiza. Zelairatu eta gutxira bi abagune izan ditu Lucia Garciak; 31. minutuan gurutzatuegi jaurti du Erika Vazquezen pasea jaso ostean, eta, lau minutu beranduago, Sullastres atezainak gelditu dio errematea. Atsedenaldira iritsi aurretik, Ane Azkonak bigarren gola sartzeko aukera argia izan du, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Deportivok, baina Athleticek ondo eutsi dio talde galiziarrari. Minutuak aurrera joan ahala, etxeko taldearen bizitasunak behera egin, eta talde bizkaitarrak lasaiago jokatu du. Partidako 73. minutuan izan du abagune argia Athleticek, baina Erika Vazquezek ez du asmatu Sullastres atezainaren aurrean, buruz burukoan. Bi minutu beranduago, ordea, zuri-gorriek norgehiagoka erabakita utzi dute, Lucia Garciak sartu duen 0-2koarekin. Maite Orozen pase bikaina jaso, eta baloia loratuta gainditu du Deportivoko atezaina. Azken minutuetan, Athleticek ez du estutasunik pasa, eta hiru puntuak eskuratu ditu.