Itxi

Athletic Club

KOPA, finalerdiak

Athletic vs Granada, lehen partida, San Mamesen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek Granadaren aurka jokatuko dute gaur gaueko 21:00etan. Ligan 2-0 gainditu zuten Andaluziako taldea.

  • Iñaki Williams, Bartzelonaren aurkako Kopako partidan.

    Iñaki Williams, Bartzelonaren aurkako Kopako partidan. Argazkia: EFE

Athleticek Granadaren aurka jokatuko du gaur San Mamesen (21:00), Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan. Zuri-gorriek euren futbol-zelaiaren zein  zaleen babesa aprobetxatu nahi dute, kanporaketan abantaila hartu eta Kopako finalean izateko ametsa betetzeko.

Bi taldeek 1968-1969 denboraldian jokatutako finalerdia errepikatuko dute. Orduko hartan, bilbotarrek egin zuten aurrera, eta Elxen aurka lehiatu ziren finalean, 1-0eko emaitzarekin irabazi zutena. Garitanoren taldeak Elxen aurka jokatu du aurtengo ekitaldian ere, final-hamaseirenetan, eta sufrimenduz betetako penalti-txandan lortu zuen aurrera egitea.

Dena dela, beste garaikur bat lortzeko ilusioa guztiz piztu duen kanporaketa final-laurdenetakoa izan zen, bertan Bartzelona kaleratu baitzuten bilbotarrek (1-0), hau da, 2009, 2012 eta 2015eko ekitaldietako finalak irabaztea ekidin zien aurkaria.

Athletic, ordea, oso nekatuta helduko da biharko partidara. Horren adierazle da, ezin izan duela garaipenik erdietsi Ligako azken zortzi neurketetan. Azkena abenduaren 1ean eskuratu zuen, Granadaren aurka (2-0) hain justu ere.

Ez dago batere argi zuri-gorrien entrenatzaileak Yuri Berchiche eta Raul Garcia jokatzeko moduan izango dituen. Batak zein besteak ezin izan baitzuten jardun joan zen igandean, Reale Arenako euskal derbian (2-0), giharretako gainkargak direla eta.

Granadak, bere aldetik, emaitza on bat lortzea du xede, martxoaren 5ean (21:00) Los Carmenesen jokatuko den itzulerako partidara aukerekin iritsi ahal izateko.

Bere entrenatzaileak, Diego Martinezek, Atleticoren aurka jokatutako norgehiagokan (1-0) titular gisa aritu ez zirenen aldeko apustua egingo du hasierako hamaikakoa osatzeko.

Horrez gain, Granadako entrenatzaileak hiru erdiko atzelariz eta bi hegalekoz osatutako defentsarekin ekin diezaioke lehiari. Jokamolde hori ondo atera zitzaion aurreko bi norgehiagoketan, bai Kopan Valentziaren aurka, bai Ligan Atleticoren aurrean.

Balizko hamaikakoak:

Athletic Club: Iago Herrerin, Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, Dani García, Vesga, Muniain, Raul Garcia eta Williams.

Granada: Rui Silva, Victor Diaz, Domingos Duarte, German, Vallejo, Carlos Neva, Gonalons, Yangel Herrera, Antonio Puertas, Machis eta Soldado.

Epailea: Hernandez Hernandez.

VAReko epailea: Mateu Lahoz.

Futbol-zelaia: San Mames.

Ordua: 21:00.