Itxi

Athletic Club

26. jardunaldia

Athleticek amaiera eman dio garaipenik gabeko bolada luzeari (1-0)

Agentziak | Erredakzioa

Raul Garciak egin du partidako gol bakarra, penaltiz, 56. minutuan. 10 minutu geroago, Iñaki Williamsek beste penalti bat huts egin du.

  • Cordoba eta Muniain, partidako jokaldi batean

    Cordoba eta Muniain, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Raul Garciak penaltiz egindako golak garaipena eman dio Athletici Vila-realen aurka San Mamesen jokatutako liga partidan. Penaltia epaileak adierazi du, VAR laguntzaile teknikoaren  bitartez, Pau Torresek area barruan baloia eskuarekin ukitu duela konfirmatuta.

Lehoiek sufrituta lortu dute garaipena. 2 eta 0ekoa oso gertu izan dute, esku baten ondorioz adierazitako beste penalti batetatn, baina Sergio Asenjo atezainak ederto asmatu dio jaurtiketa Iñaki Williamsi.

Garaipen honi esker, Athleticek arnasa berreskuratu du Ligan eta 34 punturekin jarri da. Bilbotarrak Europatik jaitsieratik baino gertuago daude berriro, azken 10 partidetan garaipena lortzeko gai ez izan ostean.

Lehen zatia oso mugitua izan da, eta interesekoa, eta bi taldeek izan dituzte aukerak, baina markagailuko emaitza ez da aldatu. Iñigo Martinezen jaurtiketa bat eta Dani Garcíaren eta Cordobaren beste bi izan dira lehoiek izan dituzten aukeretako batzuk.

Bigarren zatian, Raul Garciak abisua eman du Caparen erdiraketa bat errematatu ostean. Neurketa eserlekuan hasi duen Iñaki Wilimas berdegunera atera du Garitanok eta jokoak abiadura handiagoa hartu du. Hain zuzen, Williamsek eragin du Pau Torresek egindako penaltia, eta Raul Garciak ederto jaurti du zuri-gorriak aurretik jartzeko.

Williamsek penaltia huts egin du

Bederatzi minutu geroago, epaileak bigarren penalti bat adierazi du, VARaren bidez, Athleticen alde, Albiolek area barruan baloia eskuarekin ukitu ostean. Iñaki Williamsek jaurtu du zigorra baina Asenjok baloia urruntzea lortu du. Aldaratzea Raul Garciak hartu eta jaurti du, baina Asenjo zuhur aritu da berriro ere.

Ondorengo minutuetan, Vila-realek erreakzionatu egin du eta Alcacerrek aukera par bat sortu du, baina ez du golik egin. Azkenean garaipena San Mamesen geratu da eta bilbotarrak Granadaren aurkako Kopako finalerdiari begira daude jada.

Fitxa teknikoa

1 - Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Dani García, Vesga; Ibai (Williams, 52. min), Muniain (Sancet, 73. min), Córdoba (Unai Núñez, 82. min); eta Raul Garcia.

0 - Vila-real CF: Asenjo; Rubén Peña, Albiol, Pau Torres, Alberto Moreno; Iborra (Anguissa, 57. min), Trigueros, Cazorla (Chukwueze, 67. min); Ontiveros (Moi Gómez, 75. min), Gerard Moreno eta Paco Alcácer.

Golak: 1-0, 56. min: Raul Garcia, penaltiz.