Itxi

Athletic Club

OFIZIALA

Athleticek ofizial egin du ez dituela San Joseren eta Beñaten kontratuak luzatuko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde zuri-gorria omenaldi ekitaldi bat prestatzen ari da Leganesen aurkako partidarako, San Mamesen jokatuko den denboraldi honetako azkena izango dena.

  • Beñat Etxebarria eta Mikel San Jose agurtzeko Athleticek argitaratutako argazkia.

    Beñat Etxebarria eta Mikel San Jose agurtzeko Athleticek argitaratutako argazkia. @AthleticClub

Athleticek astearte honetan iragarri duenez, ez die kontratua berritzeko eskaintzarik egingo Mikel San Joseri eta Beñat Etxebarriari; ondorioz, eta bi jokalariek talde zuri-gorria utziko dute denboraldi honen amaieran.

"Athletic Clubek gaur jakinarazi die Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria jokalariei denboraldi honen amaieran harreman profesionala amaitzeko erabakia", adierazi du Bilboko taldeak argitaratu duen ohar baten bidez.

Bertan jasotzen denaren arabera, Aitor Elizegik zuzentzen duen kluba bi jokalariak omentzeko ekitaldi bat ari da prestatzen Athleticek aurtengo denboraldian San Mamesen jokatuko duen azken partidan, hau da, Leganesen kontrako neurketan. "San Mameseko ikusleen aurrean jokalariek merezi duten agurra egitea ezinezkoa denez, Athleticek ekintza berezi bat antolatu du etxeko azken partidarako, Leganesen aurka, bien omenaldi gisa", zehaztu du klub zuri-gorriak.

Mikel San Jose (31 urte)bi etapa ezberdinetan aritu da Lezaman: gazte mailan Txantreatik heldu ostean eta profesional gisa, Athleticek 2009an Liverpooletik fitxatu zuenean. Jokalari nafarrak 397 partida jokatu ditu 11 denboralditan, eta 37 gol sartu ditu.

Bestalde, Beñat Etxebarriak (33 urte) ibilbide luzea egin du zuri-gorri moduan, bi etapa desberdinetan. Lehenik, hamarkada bat egin zuen Lezaman beheko mailetan hasi eta 2006an lehen taldearekin debutatu zuen arte. Ondoren, Conquensen eta Betisen egin zuen ibilbidea, eta 2013an Athleticera bueltatu zen. Bertan, 242 partida jokatu ditu zortzi denboralditan zehar, 11 gol sartuta.

Athleticek eskerrak eman nahi izan dizkie bi jokalariei "urte hauetan guztietan klubaren eta taldekideen alde egindako lan eta arduragatik, eta denboraldi berezi honetan zuri-gorriz jantzita gelditzen zaizkien jardunaldiengatik".

Uztailaren 19ra arte jarraituko dute

Bi jokalariek joan den ekainaren 30ean amaitu behar zuten kontratua talde zuri-gorriarekin, baina epemuga hori heldu baino egun bat aurretik jakinarazi zuten taldean jarraituko zutela, harik eta denboraldia amaitu arte, hau da, hilaren 19ra arte.