Itxi

Athletic Club

1-1

Athleticek puntu bat eskuratu du Vila-realen aurka

A. B. | EITB Media

Zuri-gorriek bana (1-1) berdindu dute Castelloko taldearen kontra. Williamsek sartu du partidako lehen gola. Pinok bat eta batekoa jarri du markagailuan.

0
Vila-real – Athletic partidako laburpena eta gol guztiak

Athleticek berdindu egin du Vila-realen aurka (1-1) Cermanica estadioan jokatu duen Santander Ligako 15. jardunaldiko partida, eta puntu bat erdietsi du. Sailkapenaren erdialdean mantenduko da talde zuri-gorria, 18 punturekin.

Baloiaren jabetza Vila-realek izan du hasieratik, baina bi taldeak erasokor zelairatu dira. Aurkariari hegaletatik min egiten saiatu dira Vila-real eta Athletic, nahiz eta lehen minutuetan ez duten abagune argirik izan. Neurketako 9. minutuan, epaileak Vila-realen aldeko penaltia adierazi du Unai Simonek ustez Niño falta egin diolako area barruan, baina VARak epaileari jokaldia telebistan ikusteko eskatu dio, eta behin jokaldia berrikusita ez dela penaltirik egon erabaki du. Horrek arnasa eman dio Athletici eta zuri-gorrien erantzuna 16. minutuan etorri da, Willimasek kanpora gutxigatik bidali duen jaurtiketaren ondorioz. Hiru minutu beranduago, Williamsek ez du barkatu (0-1); Yuriren pasea jaso du, aurkariak atzean utzi ditu, eta jokaldia bikain amaitu du, Asenjo atezaina gainditu eta baloia sare barrura bidalita.

Zuri-gorrien golaren ostean, Vila-realek erasora jo du, eta Athletic kontraerasora irteteko zain egon da. Williamsek zuzenduta beste kontraeraso baten izan du abagunea Bilboko taldeak, baina Asenjo atezainak gelditu du Iñakiren jaurtiketa. Norgehiagokako 42. minutuan, Unai Simonek Vila-realen gola eragotzi du Ruben Peñaren errematea desbideratuta. Bi minutu beranduago, Vesgaren errematea Asenjok gelditu du.

Bigarren zatiaren hasieran ere Vila-realek hartu du agintea, eta Athletic atzean sartu du. Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak neurketa berdintzeko aukera izan du 48. minutuan, baina Unai Simon atezainak eragotzi du, Niñoren erremateari erantzun bikaina emanda. Erasoan ekin eta ekin ibili da Vila-real, eta Pinok zutoinera bidali du jaurtiketa, 73. minutuan. Minutu bat beranduago, Castelloko taldeak gola sartu du; Triguerosek baloia ukitu, eta Pinok ez du aukera alferrik galdu Unai Simonen aurrean (1-1).

Azken hamabost minutuetan bi taldeak garaipena lortu nahian ibili dira, baina Athleticek izan ditu abagune onenak. Yurik 83. minutuan egin duen erdiraketa Albiolek desbideratu du, eta baloia kornerrera joan da, zutoina urratuta. Luzapenean, Asenjok huts egin du pasea ematerakoan, baloia Morcillori iritsi zaio, baina jokalari bizkaitarraren jaurtiketa Asenjok berak gelditu du. Amaieran, berdinketa (1-1) eta puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1. Vila-real: Asenjo, Mario Gaspar, Albiol, Pau Torres, Pedraza (Estupiñan, 82. min); Foyth (Yeremi Pino, 66. min), Parejo, Manu Trigueros; Moi Gomez, Gerard eta Fer Niño (Chukwueze, 82. min).

1. Athletic Club: Unai Simon, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Vencedor, Vesga (Dani Garcia, 58. min), De Marcos (Lekue, 84. min), Muniain (Sancet, 78. min), Berenguer (Morcillo, 84. min) eta Iñaki Williams (Raul Garcia, 78. min).

Golak: 0-1, 19. min: Iñaki Williams. 1-1, 74. min: Yeremi Pino.

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Gerard (Vila-real) eta Berenguer (Athletic Club) jokalariei.