Itxi

Athletic Club

3-1

Athleticek porrota jaso du Real Madrilen aurka, 80 minutuz bat gutxiagorekin jokatuta

A. B. | EITB Media

Talde zuri-gorriak galdu egin du Ligako 19. jardunaldiko partida. Raul Garcia egotzi du epaileak 13. minutuan, eta horrek norgehiagoka baldintzatu du.

0
Real Madril – Athletic partidako laburpena eta gol guztiak

Athleticek porrota jaso du Real Madrilen aurka (3-1) Santander Ligako 19. jardunaldiko partidan. Talde zuri-gorriak hamar futbolarirekin jokatu du 13. minututik.

Neurketaren hasiera parekatua izan da. Athleticek lehen sustoa eman dio 4. minutuan Real Madrili, baina De Marcosen errematea kanpora joan da. Zazpi minutu geroago, epaileak ez du Athleticen aldeko penalti argia adierazi, Carvajalek Williams area barruan bultzatu ostean, eta 13. minutuan Raul Garcia egotzi du bigarren txartel horia aterata.

Hamar jokalarirekin geratu da Athletic Di Stefano berdegunean, eta ordutik aurrera Real Madril izan da jaun eta jabe. Abagune argi batzuk izan ditu Madrilgo taldeak, baina Vinicius eta Valverde ez dira fin ibili Unai Simon atezainak babestutako ate aurrean. Bazirudien Athletic golik gabeko berdinketari eusteko gai izango zela atsedenaldira iritsi aurretik, baina Kroosek 1-0ekoa sartu du 46. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa bikain baten bidez.

Bigarren zatiari bizi ekin dio talde zuri-gorriak, eta izan duen lehen abagunean gola sartu du. Kontraerasoa antolatu du Athleticek, De Marcosek area barrura pasea eman eta Capak gola sartu du, Courtois atezaina gaindituta (1-1).

Norgehiagokak parekatuta jarraitu du ondorengo minutuetan. Real Madrilek abaguneak izan ditu, baina kosta egin zaio bigarren gola sartzea. Halere, 74. minutuan, Benzemak gola erdietsi du (2-1) korner baten ondoren etorri den burukada on bati esker.

Azken txanpan, Atheticek erasora jo du, eta berdinketa lortzeko aukera ezin hobea izan du 91. minutuan; Vesga bakarrik geratu da Courtoisen aurrean, baina atezain belgikarrak gola eragotzi du. Jarraian, Real Madrilek kontraerasoa antolatu, eta Benzemak garaipena biribildu du, 3-1ekoa sartuta.

Fitxa teknikoa:

3.- Real Madril: Courtois; Carvajal, Ramos, Varane, Mendy; Valverde (Isco, 63. min), Modric, Kroos; Lucas Vazquez (Rodrygo, 75. min), Vinícius (Asensio, 63. min) eta Benzema

1.- Athletic: Unai Simon; Capa (Lekue, 80. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vencedor (Vesga, 66. min); De Marcos (Muniain, 80. min), Raul Garcia, Berenguer (Cordoba, 59. min); eta Williams (Villalibre, 66. min).

Golak: 1-0, 47. min: Kroos; 1-1, 53. min: Capa; 2-1, 74. min: Benzema. 3-1: 93. min.

Epailea: Gil Manzano. Raul Garcia egotzi du, 7. eta 13. minutuetan txartel horia aterata. Halaber, epaileak txartel horia atera die Lucas Vázquez Real Madrileko jokalariari 42. minutuan eta Yeray Athleticeko futbolariari 80.ean.