Itxi

Athletic Club

Ospakizunak

Athleticek Lezamaren 50. urteurrena ospatu du

EITB MEDIA | EFE

Talde zuri-gorriak bere historiako jokalari nabarmenetako zenbait bildu ditu, Lezaman izandako bizipenez hitz egiteko.

1:27
Lezamak 50 urte bete ditu

Athletic Clubaren filosofiaren giltzarri diren Lezamako instalazioek 50 urte bete dituzte asteazken honetan. 1971ko urtarrilaren 27an Espainiako futbolean aitzindari izan zen, izan ere, Europa eta mundu mailan futbolarien prestakuntzan erreferente den proiektu bati ekin zion.

Felix Oraa orduko presidenteak ideia bat abiarazi zuen, ordura arte San Mamesen lan egiten zuen talde profesionala zein Bilbao Athletic, jubenilak eta infantilak entrenamendu-gune berean biltzeko beharrari erantzuteko.

Klubak lursail batzuk erosi zituen Txorierri eskualdeko Lezama udalerrian, Bilbotik 15 kilometro ingurura, Bizkaiko hiriburuko kutsadura atzean utzi eta inguru osasuntsuago bat bilatzeko eta, aldi berean, oinarrian beste pauso bat emateko. Helburu horrekin hiru entrenamendu-zelai, aldagelak, gimnasio bat eta lehen taldearen egonaldiak egiteko gelak eraiki ziren.

Athleticen metodoak eta sortutako egitura beste klub batzuen eredu bihurtu ziren, Sporting Gijon taldearena kasu. Hala, azpiegitura berria martxan jarri eta urte batzuk geroago, Xixongo taldeko zenbait arduradunen bisita baten ondoren, Mareoko instalazioak sortu zituzten asturiarrek, Lezamaren kopia gisa. Hala gogoratu zuen ere Sportingeko harrobian hazitako Marcelino Garcia Toral Athleticeko teknikariak duela aste batzuk, Bilbora iritsi berritan.

Lezaman abiatutako prestakuntza-lana 70eko hamarkadaren amaieran hasi zen fruituak ematen. Izan ere, Santi Urkiaga, 1983an eta 1984an Ligak eta Kopak irabazi zituen talde zuri-gorriko oinarrietako bat, Lezamako prestakuntza-maila guztiak gainditu eta talde nagusira iritsi zen aurreneko futbolaria bilakatu zen.

Bitxia bada ere, 13 urterekin Athleticen harrobian sartu zen Sestaoko jokalari ohiak Lezamarekin lotura estua izaten jarraitzen du, bera baita gaur egun aipatu instalazioen logistika-arduraduna.

Lezamako instalazioetako argazkia, San Mameseko arkua ezkerrean dagoela. Argazkia: EFE

Tradizioekiko errespetua

Lezaman nabariak dira Athleticen tradizioarekiko eta irudi enblematikoekiko errespetua. Horren adierazle deigarriena da bertako instalazioak direla orain San Mames zaharreko arku entzutetsuaren etxe berria, duela bost urtetik.

Beste adibide batzuk dira Telmo Zarra eta Piru Gainza mito zuri-gorrien omenez jarritako bustoak edota "Dublingo adarzabala" izena daraman harmailaren beheko aldean dagoen Oraaren omenezko plaka. "Lezamaren bultzatzailea gure filosofiaren oinarri gisa, munduko futbolean bakarra", irakur daiteke bertan.

1971ko azpiegitura txiki hura 13 hektareako goi-mailako errendimenduko zentro moderno bat da gaur egun. Zortzi zelai ditu, lau belar naturalekoak eta beste lau sintetikokoak. Athleticeko talde nagusiaz gain, harrobiko beste 17 taldek egiten dute lan bertan. Horietako lau, emakumezkoak.

Baina Lezama etengabe ari da hazten. Azken urratsa lehen taldearen etxe berria eraikitzea izan da. Hiru solairuko eraikina da, duela astebete inauguratu zutena. Behin hori amaituta, jokalarien egoitzako lanei ekin diete, egungo eraikin nagusian.

Ospakizun ekitaldiak

Ohorezko aurreskua Lezaman. Argazkia: EFE

Ezin bestela izan, Athleticek egun seinalatua ospatu nahi izan du, eta, horretarako, historiako jokalari entzutetsuenetako hainbat bildu ditu bertan, tartean bere harrobitik atera ostean Munduko Txapelketetan parte hartu duten zenbait futbolari.

Besteak beste, Jose Angel Iribar (Ingalaterra, 1966), 1971ko urtarrilaren 27an Lezaman egin zen lehen entrenamenduan parte hartu zuena, Santi Urkiaga (Espainia, 1982), Rafa Alkorta (Italia, 1990; AEB, 1994, eta Frantzia, 1998), Julen Guerrero (AEB, 1994 eta Frantzia, 1998), Erika Vazquez (Kanada, 2015) eta Iker Muniain (Londres, 2012) bertaratu dira Lezaman izandako bizipenez hitz egiteko.

Erika Vazquez eta Iker Muniain Telmo Zarraren bustoaren aldamenean. Argazkia: EFE

Horren aurretik, gizonezkoen eta emakumezkoen taldeetako kapitainek, hau da, Muniainek eta Erikak, lore sorta bat utzi dute Telmo Zarraren bustoan, gizonezkoen lehen taldearen eraikin berriaren aurrean (duela hamar egunetik erabiltzen den arren, gaur inauguratu dute ofizialki).

Aitor Elizegi presidentea, Marcelino Garcia Toral eta Iraia Iturregi lehen taldeetako entrenatzaileak, Jose Maria Oraa (Felix Oraaren semea), Manolo Delgado Meco prestatzaile fisiko ohia eta Andoni Goikoetxea (Mexiko 1986) ere ekitaldian izan dira.

"Duela 50 urte erabaki aitzindaria hartu zen, klubaren historian ezinbestekoa. Inoiz ez dut ahultasun gisa ulertu, gure indargune gisa baizik, eta askok uste dugu etorkizuneko bidea izaten jarraitzen duela", azpimarratu du Elizegik prentsa-areto berrian egindako hitzaldien irekieran.

Bost hamarkada hauetan, Lezaman sortu diren ehunka eta ehunka jokalarietatik "200 inguru" iritsi dira lehen taldera. Azkenak, denboraldi honetan bertan, Jon Morcillo, Iñigo Vicente eta Oier Zarraga.

Gainera, 2002an emakumezkoen taldea egituran sartu zenetik, 50 futbolari baino gehiago iritsi dira mailarik gorenera, egungo kapitainetako bat esaterako, Garazi Murua.