Itxi

Athletic Club

Larunbatean, 16:15ean

Athleticek eta Alavesek garaipen premiarekin jokatuko dute derbia San Mamesen

A. B. | EITB Media

Bilboko eta Gasteizko taldeak elkarren aurka lehiatuko dira larunbatean, 16:15ean, Ligako 30. jardunaldiko partidan. Javier Callejak debuta egingo du Alaveseko entrenatzaile gisa.

  • Raul Garcia eta Laguardia

    Laguardia eta Raul Garcia Ligako lehen itzuliko Alaves-Athletic partidan. Argazkia: EFE

Athleticek eta Alavesek Santander Ligako 30. jardunaldiko partida jokatuko dute larunbat honetan, 16:15ean, San Mamesen. Zuri-gorriek garaipena lortu nahi dute Realaren aurkako Kopako finaleko porrota eta txuri-urdinen kontra Ligan asteazkenean lortutako berdinketa atzean uzteko. Bestalde, Arabako taldeak hiru puntuak behar ditu jaitsiera postuetatik irteteko, Javier Calleja entrenatzailearen debutean.

Aldaketak espero dira Athleticen hamaikakoan. Bilboko taldean, Yeray Alvarez eta Yuri Berchiche min hartuta daude, eta ez dute jokatuko; Nuñezek eta Balenziagak beteko dituzte haien hutsuneak. Gainera, Capa, Vesga, Unai Lopez eta Villalibre jokariek hasieratik jokatzea espero da. Hamaikakoan sartzeko aukerak dituzte Morcillo, Sancet eta Ibai Gomez futbolariek ere.

Alavesen, Javier Calleja entrenatzaileak lehenengoz zuzenduko du talde gasteiztarra. Lucas Perezek hasieratik jokatuko du; galiziarrak uste baino gutxiago jokatu zuen Machin entrenatzailearekin, eta are gutxiago Abelardorekin. Javi Lopezek jokatuko du defentsako ezker hegalean, eta Jota Peleteiro edo Luis Rioja egongo dira zelai erdiko eskuin hegalean. Bestalde, Callejak, Rodrigo Battaglia, Tomas Pina, Pere Pons eta Manu Garcia jokalarien artetik erabaki beharko du zein bi futbolari ariko diren zelai erdian.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic Club: Unai Simon; Capa, Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga; De Marcos, Unai Lopez, Vesga, Lekue; Raul Garcia eta Villalibre.

Alaves: Pacheco; Ximo, Lejeune, Laguardia, Javi Lopez; Battaglia, Pere Pons, Jota edo Luis Rioja, Edgar Mendez; Lucas eta Joselu.

Epailea: Melero Lopez.

VAReko epailea: Figueroa Vazquez.

Zelaia: San Mames.

Ordua: 16:15ean.