Publizitatea
Itxi

2021/05/03

23:25

Athletic Club

34. JARDUNALDIA

Athleticek garaipena lortu du Pizjuanen, eta Sevillaren ilusioak izoztu ditu

A. A. | EITB MEDIA

Iñaki Williamsek 90. minutuan bikain amaitutako kontraeraso batek hiru puntuak eman dizkio talde zuri-gorriari.

0
Sevilla – Athletic partidako laburpena eta gol guztiak
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Athleticek 0-1 irabazi du Sevillaren zelaian, Iñaki Williamsek 90. minutuan sartutako golari esker. Horrela, zuri-gorriek zapuztu egin dute, hein handi batean, Andaluziako taldeak Liga irabazteko zuen ametsa. Bilbotarrek, berriz, Europarako zirrikitu txiki bat ireki dute gaurko garaipenarekin, defentsa ona eginez eta kontraerasora aterata.

Dena den, zazpigarren postua oraindik sei puntura dute, eta aurkarien hutsegiteen zain egon beharra daukate; izan ere, Marcelinoren mutilek 45 puntu dituzte, eta une honetan Europan aritzeko eskubidea emango lukeen azken tokian dagoen taldeak, Betisek, 51 ditu.

Lehen zatian, Julen Lopeteguiren taldea izan da nagusi zelaian, eta aurrea hartzeko hainbat aukera izan ditu, baina Unai Simonek gelditu ederrak egin ditu Youssef En-Nesyri aurrelari marokoarraren aukera argien aurrean.

Bigarren zatian ere Sevillak eraman du jokoaren agintea, baina neurketa orekatuago egon da. Asier Villalibrek egindako jaurtiketa gurutzatu batekin izan du Athleticek lehen abagunea, baina arrisku aukera gehienak etxekoen aldekoak izan dira: Rakiticen jaurtiketa bat, Marcos Acuña argentinarraren ahalegina eta En-Nesyriren burukada bat izan dira horren adierazle.

Sevillak asmatu ezinda jarraitu du partida amaierara arte, eta, orduantxe, 90. minutuan, zuri-gorriek kontraeraso zitala antolatu dute Vesgak area barrutik aldendu duen baloi bat baliatuta. Baloia Oihan Sancet nafarrari iritsi zaio, eta ziztu bizian zeharkatu du zelaia baloiarekin, une erabakigarrian baloia Williamsi eman, eta hark Bono bikain gaindi zezan.

Neurketak eztabaidarako tartea ere izan du 50. minutuan, Jesus Navasen erdiraketak Balenziagaren besoa jo baitu, hura area barruan zegoela. Hala ere, Gil Manzano epaileak eta Del Cerro Grandek VARetik besoa egoera naturalean zuela erabaki dute, nahiz eta etxeko jokalariek eta Lopeteguik berak gogor protestatu duten.

Fitxa teknikoa:

0 - Sevilla: Bono; Jesús Navas, Koundé, Diego Carlos (Óscar Rodríguez, 85. min), Acuña; Fernando, Rakitic (De Jong, 68. min); Suso (Jordán, 68. min), Papu Gómez (Óliver Torres, 85. min), Ocampos; eta En-Nesyri (Franco Vázquez, 81. min).

1 - Athletic: Unai Simón; De Marcos (Lekue, 69. min), Unai Núñez, Yerai, Balenziaga; Berenguer (Ibai Gómez, 63. min), Vencedor, Vesga, Morcillo (Nico Williams, 63. min), Raúl García (Sancet, 14. min) eta Villalibre (Iñaki Williams, 69. min).

Gola: 0-1, 90. min: Iñaki Williams.

Epailea: Jesús Gil Manzano. Txartel horiak: Diego Carlos (Sevilla).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena