Itxi

Athletic Club

1-2

Athleticek galdu egin du Real Madrilen aurka, partida ona jokatuta

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak 1-2ko emaitzarekin jaso du porrota San Mamesen, Santander Ligako 21. jardunaldiko aurreratutako partidan.

1:58
Athletic Club - Real Madril

Athleticek galdu egin du Real Madrilen aurka (1-2) asteazken honetan San Mamesen jokatu duen Santander Ligako aurreratutako 21. jardunaldiko partida. Talde zuri-gorriak ondo jokatu du, baina ezin izan du punturik bereganatu.

Norgehiagokaren hasiera bizia izan da, eta laugarren minutuan Benzemak 0-1ekoa jarri du markagailuan area kanpotik jaurti eta gol ikusgarria sartuta. Hiru minutu beranduago, Real Madrilek bigarren gola sartu du; Benzemak ez du barkatu Agirrezabala atezainaren aurrean (0-2). Balenziagak huts egin du, eta Madrilgo taldeak ez du oparia alferrik galdu.

Oso azkar jarri zaio partida maldan gora Athletici, baina hamargarren minutuan desabantaila murriztea lortu du talde zuri-gorriak; Sancetek area kanpotik jaurtiketa egin, eta Courtois gainditu du (2-1).

Golak hauspotu egin du Bilboko taldea, eta abaguneak sortzen hasi da. Vencedorren eta Balenziagaren saiakerek ez dute arrakastarik izan, eta 25. minutuan Real Madrilek izan du hirugarren gola sartzeko aukera, baina De Marcosek moztu du Hazardek Benzemari eman nahi zion pasea, frantziarra atezainaren aurrean bakarrik uzteko.

Lehen zatiaren azken txanpan bi taldeetako bat ere ez da gai izan abaguneak sortzeko, eta gol bateko desabantailarekin joan da Athletic atsedenaldira.

Bigarren zatian Athleticek atzean sartu du Real Madril. Iñaki Williamsek 61. minutuan egin duen errematea kanpora joan da gutxigatik. Erasora jo eta jo ibili da Athletic, baina Real Madril sendo egon da defentsako lanean. Neurketako 73. minutuan Nico Williamsek jokaldi ona egin, pasea eman du, eta Iñaki Williamsek ezin izan du errematea behar bezala egin. Atzean sartuta egon da Real Madril, baina 81. minutuan erasoko jokaldi ona antolatu, area barrutik jaurtiketa gurutzatua egin du Hazardek, eta Julen Agirrezabalak eragotzi du gola, gelditu bikaina eginda.

Azken txanpan ere erasora jo du Athleticek itsu-itsuan, eta neurketa berdintzeko aukera bikaina izan du 86. minutuan; Iñaki Williamsek pase bikaina eman dio Nico Williamsi, baina haren errematea Courtoisek gelditu du. Luzapenean bi abagune izan ditu Real Madrilek, baina Agirrezabalak gelditu bikainak egin ditu Jovicen eta Kroosen erremateen aurrean. Azkenean, porrota Athleticentzat (1-2).

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Nuñez, Balenziaga (Lekue, 62. min); Zarraga (Nico Williams, 57. min), Vencedor, Dani Garcia, Muniain (Serrano, 84. min); Sancet (Raul Garcia, 62. min) eta Iñaki Williams.

2 - Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Nacho, Militao, Mendy; Camavinga, Kroos, Valverde; Hazard (Peter Federico, 86. min), Benzema (Jovic, 90. min) eta Vinicius (Mariano, 85. min).

Golak: 0-1, 4. min: Benzema. 0-2, 7. min: Benzema. 1-2, 10. min: Sancet.

Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horiak atera dizkie Vencedor (43. min) eta Balenziaga (61. min) Athleticeko jokalariei, baita Vinicius (43. min) eta Camavinga (62. min) Real madrileko futbolariei.