Itxi

Athletic Club

Final-hamaseirenak

Athleticek aurrera egin du Kopan, Nico Williamsen bi golekin (0-2)

EITB MEDIA

Williams anaietako gazteenak bere lehen golak egin ditu lehen taldearekin, biak lehenengo zatian, Atletico Mancha Realen aurka jokatutako kanporaketan.

4:26
Nico Williams

Athleticek irabazi egin dio Atletico Mancha Real taldeari, Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketan. Partidako bi golak Nico Williams gazteak egin ditu, lehen taldearekin egiten dituen lehenengoak.

Williams anaien artean gazteenak erakustaldia eman du lehen zatian. Lehenengo gola Lopito atezainaren aldaratze bat aprobetxatuta egin du, eta bigarrena, bikaina, baloia ederto kontrolatu ostean. 20. eta 44. minutuetan egin ditu golak.

Horrez gain, lehen zatian bertan, Nico Williamsek hirugarren gola ere egiteko aukera izan du, baina horren erremateak langa jo du. Marcelinoren taldea Mancha Real baino askoz gehiago izan da partida osoan.

Entrenatzaile asturiarra aulkira itzuli da, covid-19an positibo eman eta gero berrogeialdia igaro ondoren. Kanporaketa gainditzeko taldea zelairatu du, eta Real Madrilek eta Bartzelonak ez bezala, ez du taldeko izarrak zelaian sartzeko beharrik izan. Unai Simon zerrendatik kanpo geratu da, eta Iñaki Williamsek eta Muniainek aulkian eman dute neurketa osoa.

Atletico Mancha Realek ez du apenas arriskurik sortu 90 minuetan, ezta aukerarik ere, baina duintasunez aritu da zelaian.

Fitxa teknikoa:

0 - Atletico Mancha Real: Lopito, Raúl Pérez (Chumilla, 78. min), Óscar Quesada (Mario Ordóñez, 73. min), Pedro Corral (Pablo Siles, 57. min), Juanma Espinosa, José Enrique, Urko Arroyo (Pablo Siles, 53. min), Mauro, Rafa Vega, Nando (Del Amo, 70. min) eta Carlos Jiménez.

2 - Athletic: Aguirrezabala, Petxarroman (Balenziaga, 64. min), Íñigo Martínez, Vesga, Berenger (Sancet, 64. min), Vivian, Lekue, Raúl García (Artola, 77. min), Nolaskoain (Dani García, 70. min), Nico Williams (Zarraga, 70. min) eta Nico Serrano.

Golak: 0-1, 20. min: Nico Williams. 0-2, 44. min: Nico Williams.