Athletic Club
Igandean, 18:00etan
Sevilla gainditzeko txipa aldatu behar du Athleticek
Erredakzioa
Schalkeren aurkako kanporaketa ahaztu behar dute zuri-gorriek eta arreta Ligan jarri. Andaluziako taldearen aurka galtzen baldin badu, Athletic Europako postuetatik aldenduko litzateke.
Athleticek txipa aldatu eta Schalkeren aurkako Europa Leagueko kanporaketa ahaztu behar du arreta Ligan jartzeko. Igande honetan Sevilla hartuko dute zuri-gorriek San Mamesen. Andaluziarrek lau puntuko aldea ateratzen diote Athletici sailkapenean.
Marcelo Bielsa Athleticen entrenatzaileak onartu duenez, zuri-gorrien "azken emaitzek" (lau porrot eta berdinketa bakarra azken bost partidetan) eta Ligako sailkapenak "ezin dute poza eragin".
Lezaman entrenamendua egin ostean prentsaurrekoa eman du Bielsak. "Ez dugu sekula helbururik markatu. Hurrengo partidari irabazteko ilusioarekin aurre egitea da helburua", erantsi du. Laugarren postua urrunegi geratu ote den galdetu diote Rosarioko entrenatzaileari.
"Emaitzek aukerak markatzen dituzte eta aurretik helburuak ezartzea ez du ezertarako balio. Denbora galtzea da", errepikatu du.
Jose Antonio Reyes Sevillako aurrelariak giharretako lesioa du eskuin hankan eta deialditik at utzi du Michel entrenatzaileak.
Gainera, Coke eta Trochowski zigortuta daude, izan ere, Mallorcaren aurka bosgarren txartel horia ikusi zuten. Horrez gain, Campañak, Spahicek eta Perottik ezin izango dute jokatu.
Ustezko hamaikakoak:
Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera edo Ibai; Susaeta, Muniain eta Llorente.
Sevilla: Palop; Cala, Fazio, Escude, Fernando Navarro; Jesus Navas, Medel, Rakitic, Luna; Manu del Moral eta Negredo.
Epailea: Alvarez Izquierdo (Kataluniako Batzordea).