Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Athleticek berdindu egin du Valentziarekin (1-1), eta itzuliko partida irabazi beharko du finalera sailkatzeko

A. B. E. | EITB Media

Zuri-gorriek eta valentziarrek bana berdindu dute San Mamesen jokatu den Errege Kopako finalerdietako joaneko partida. Raul Garciak sartu du neurketako lehen gola, eta Hugo Duroren golak parekatu du emaitza.

Athletic - Valentzia

Athleticek 1-1 berdindu du Valentziaren aurka ostegun honetan San Mamsen jokatu duen Errege Kopako finalerdietako joaneko partida. Ondorioz, Mestallan martxoko lehen astean jokatuko den itzuliko neurketa irabazten duen taldeak lortuko du finalerako txartela. Talde bisitariak etxetik kanpo sartutako golak ez du balio bakoitza izango itzuliko norgehiagoka ere berdinduta amaitzen bada.

Bizi ekin diote lehiari bi taldeek. Valentziak izan du lehen abagunea 4. minutuan, Hugo Durok kanpora bidali duen errematearen bidez. Athleticen erantzuna 9. minutuan etorri da, baina Raul Garciaren errematea kanpora joan da, aurrelari zuri-gorriak Aldereteri aurrea hartu ostean. Valentziak presio ona egin du, eta ez dio baloia eroso ateratzen utzi Athletici. Hugo Durok beste saiakera bat egin du 11. minutuan, nahiz eta ezin izan duen jaurtiketa ondo bideratu.

Kosta egin zaio Athletici abagune argiak sortzea, baina 20. minutuan gola gertu izan du Valentziako atezainak huts egin ondoren; Diakhabyk pase indartsua eman dio Mamardashviliri, atezainak ezin izan du baloia kontrolatu, eta gutxigatik ez da sare barrura sartu. Orduan hasi dira nagusitzen zuri-gorriak. Neurketako 30. minutuan, abagunea izan du Bilboko taldeak, baina jokaldi nahasi baten ostean, Raul Garciak egin duen errematea Valentziako jokalari batek desbideratu du kornerrera. Minutu bat geroago, Iñaki Williamsek atzean utzi ditu aurkariak, arean sartu da, eta haren jaurtiketa Mamardashvilik desbideratu du. Ekinean jarraitu du Athleticek, eta saria jaso du 37. minutuan, Raul Garciak gola sartuta (1-0): Muniainek falta atera, eta Raul Garciak ate barrura errematatu du.

Atsedenaldira iritsi aurretik, Dani Garciak area kanpotik egin duen jaurtiketa kanpora joan da, langa gainetik. Bero iritsi da norgehiagoka atsedenaldira, liskarrak egon baitira bi taldeetako jokalarien artean. Aldageletan, epaileak Maxi Gomez Valentziako jokalaria egotzi du, laguntzaile batekin liskarra izan baitu. Maxi ez da hasierako hamaikakoan zelairatu, eta bigarren zatian jokatzeko aukera galdu du horrela.

Bigarren zatiari ekiteko, Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaileak aldaketa bat egin behar izan du; Vivian zelairatu du, Yeray min hartuta zegoelako.

Nagusi izan da Athletic bigarren zatiko lehen minutuetan, baina ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Valentzia ezinean ibili da, baina gola egin du bigarren zatian izan duen lehen aukeran. Agirrezabala atezainak Bryan Gilek area barruan egin duen errematea desbideratu du, baloia Hugo Durori iritsi zaio, eta Valentziako aurrelariak banakoa jarri du markagailuan (1-1).

Valentziak neurketa berdindu ostean, etenaldiak izan dira nagusi. Talde bisitariak abagunea izan du 74. minutuan, Diakhabyk kanpora bota duen erremate baten bidez. Zuri-gorriek ere, gola sartzeko aukera izan dute; Valentziak ez du baloia aldentzea lortu, eta Berenguerren errematea kanpora joan da langaren gainetik.

Partidako azken jokaldian izan du garaipena lortzeko aukera Bilboko taldeak: Foulquierrek irrist egin du arean, baloia Muniainek hartu du, erdiratu, eta Diakhabyk eragotzi du atzetik zetorren Villalibrek balia sare barrura bidaltzea. Amaieran, ondorioz, berdinketa: 1-1.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Agirrezabala; Lekue, Yeray (Vivian, 46. min), Iñigo Martinez, Yuri; Berenguer, Dani Garcia (Zarraga, 78. min), Vesga, Muniain; Raul Garcia (Sancet, 67. min) eta Iñaki Williams (Villalibre, 78. min).

1 - Valentzia: Mamardashvili; Thierry, Diakhaby, Alderete, Gaya (Lato, 84. min); Foulquier, Ilaix (Racic, 94. min), Carlos Soler; Hugo Duro (Marcos Andre, 94. min), Bryan Gil (Helder Costa, 84. min) eta Guedes (Musah, 75. min).

Golak: 1-0, 37. min: Raul Garcia. 1-1, 65. min: Hugo Duro.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Maxi Gomez Valentziako ordezkoen aulkian zegoen jokalariari txartel gorria atera dio atsedenaldian. Gainera, txartel horia atera die Dani Garcia (63. min) Athleticeko jokalariari, eta Foulquier (43. min), Dyakhaby (79. min) eta Hugo Duro (90. min) Valentziako futbolariei.

VAReko epailea: Ignacio Iglesias Villanueva.