Itxi

Athletic Club

Santander Liga (31. jard.)

Athleticek berdindu egin du Vila-realekin (1-1) eta ezin izan du zazpigarren postua bereganatu

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak zazpigarren postua eskuratzeko aurkari zuzenaren aurka puntu bakarra eskuratu du. Raul Garciak sartu du lehen gola eta Pedrazak jarri du banakoa markagailuan.

0
Vila-real vs Athletic: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek berdindu egin du Vila-realen aurka (1-1) larunbat honetan (apirilak 9) Ceramika estadioan jokatu duen Santander Ligako 31. jardunaldiko partida. Ondorioz, zazpigarren dagoen Castelloko taldeak, zortzigarren postuan dauden zuri-gorriekiko zuen puntu bateko abantaila mantendu du.

Vila-real baloiaren jabe egin da hasieratik eta lehen abisua 10. minutuan eman du Unai Simonek gelditu duen Yeremy Pinoren jaurtiketarekin. Lau minutu beranduago, Pedrazaren errematea ez da ate barrura sartu, oso gutxigatik. Athleticen lehen abagunea 31. minutuan etorri da, baina De Marcosen errematea Asenjo atezainak desbideratu du, gola eragotzita. Norgehiagokako 37. minutuan, area barruan zegoen Aurierrek ukondoarekin desbideratu du Muniainen jaurtiketa; epaileak ez du ezer adierazi, "VARa" kontsultatu du, eta orduan ere ez dagoela penaltirik erabaki du. Lehen zatia amaitzeko minutu bakarra falta zenean, Raul Garciak gola sartu du (0-1) talde zuri-gorriarentzat, Muniainek egin duen jokaldi bikainari amaiera ezin hobea emanda.

Bigarren zatiaren hasieran kontrolpean izan du neurketa Athleticek. Bi taldeei kosta egin zaie abaguneak sortzea, baina Vila-realek neurketa berdindu du 60. minutuan, Unai Simonek babesten duen atera gerturatu den lehen aukeran: Pedrazak banakoa jarri du markagailuan (1-1), Chuwkuezek orpoz eman dion pasea jaso eta atezaina gaindituta.

Partida berdindu ostean Vila-real izan da nagusi. Unai Simoni lana pilatu zaio, baina erantzun onak eman dizkie Danjumaren eta Gerard Morenoren erremateei. Athletici kosta egin zaio abaguneak sortzea, baina bigarren gola sartzeko aukera argia izan du 79. minutuan; Zarragak eskuin hegaletik erdiratu, Iñaki Williamsek buruz jo du baloia, eta Nico Williamsen errematea Asenjo atezainak gelditu du.

Azken txanpan bi taldeak saiatu dira garaipenaren gola sartzen, baina bietako batek ere ez du abagune nabarmenik izan, eta norgehiagoka berdinduta amaitu da (1-1).

Fitxa teknikoa:

1 - Vila-real: Asenjo, Mario Gaspar (Foyth, 78. min), Aurier, Mandi, Pedraza; Iborra, Manu Trigueros (Lo Celso, 60. min), Moi Gomez, Yeremy (Danjuma, 60. min), Chukwueze (Coquelin, 78. min) eta Alcacer (Gerard, 60. min).

1 - Athletic Club: Unai Simon, De Marcos (Zarraga, 76. min), Vivian, Yeray, Balenziaga; Berenguer (Nico Williams, 66. min), Unai Vencedor (Dani Garcia, 76. min), Vesga (Petxarroman, 27. min), Muniain; Raúl Garcia (Sancet, 66. min) eta Iñaki Williams.

Golak: 0-1, 44. min: Raul Garcia. 1-1, 60. min: Pedraza.

Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak atera dizkie Pedraza Vila-realeko jokalariari eta Iñaki Williams, Dani Garcia, Sancet eta Petxarroman futbolariei.