Itxi

Athletic Club

FITXAKETA

Ander Herrera Athleticera itzuli da

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Erdilaria utzita iritsiko da Bilboko taldera, baina kontratua amaitutakoan erosteko aukera ere izango dute.

1:27
Ander Herrera

Athletic Clubek jakinarazi duenez, akordioa lortu du Paris Saint-Germainekin Ander Herrerak denboraldi amaierara arte utzita jokatzeko. Horrela, Ander Herrera talde zuri-gorrira itzuli da. Hiru denboraldi jokatu zituen bertan, 2011 eta 2014 artean.

Klubak bere webgunean zehazten duenez, Pariseko klubaren maileguak "Athletic Clubek 2023-24 denboraldirako futbolariaren federazio eta ekonomia eskubide guztiak eskuratzeko aukera barne hartzen du".

Herrerak 33 urte ditu, eta Athleticen bigarren aroa izango du horrela. Erdilaria 2011ko otsailean fitxatu zuen Bilboko taldeak, artean Real Zaragozan zegoela, eta urte hartako udan Marcelo Bielsa aulkian zela iritsi zen talde zuri-gorrira.

Bilbotarrak 128 partida ofizial jokatu zituen eta 11 gol sartu zituen zuri-gorriz jokatu zuen hiru denboraldietan, bi Bielsarekin eta azkena Ernesto Valverderekin.

2014ko ekainean Herrerak bere klausulako 35 milioi euroak ordaindu zituen Manchester Unitedekin fitxatzeko. Bost denboraldi egin zituen Old Trafforden, eta 2019an, kontratua amaitutakoan, Paris Saint Germainekin sinatu zuen, bertan jokatu du azken hiru urteetan.

Herrera bihar (abuztuak 28) goizeko 11:00etan aurkeztuko da San Mamesen, jendaurreko ekitaldi ireki batean.