Athletic Club
Santander Liga
Athleticek erakustaldia eman du San Mamesen Almeria garaituta (4-0)
I. G. | EITB Media
Williams anaien bi golek (anai bakoitzak bat), Sancetek sartutako beste batek eta Vesgak penaltiz sartutako azkenak, merezitako garaipena eman diete bilbotarrei, Europako postuetan kokatuz.
-
Iñaki Williams bere gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 4-0 gainditu du Almeria eta azken sei partidetako bosgarren garaipena lortu du. Santander Ligako 7. Jardunaldiko lehen partidan Nico eta Iñaki Williams anaiak nabarmendu dira, haien artean asistentzia eta gol bana banatu ostean.
Athletic - Almeria partidako laburpena (4-0)
San Mames berriak Ernesto Valverderen taldearen joko onaz gozatu du beste gau batez. Sendoa defentsan eta erauntsia erasoan. Etxekoek gozo-gozo jarraitzen dute Williams anaien arteko loturarekin, gaueko lehen ekarri duena eta Oihan Sanceten eraginkortasunarekin (bigarren gola).
Lehia lehen hamar minutuetan jarri da aurrez aurre 'lehoientzat', Almeria kontrako arean arriskurik sortzeko gai ez baitzen. Horrela, euskaldunak Iñaki eta Nico Williamsen jokoaren mende jarri dira.
Nikok erdiraketa bikaina jarri du Iñaki anaiarentzat, eta honek zutoin luzean gurutzatu du baloia markagailua estreinatzeko.
17. minutuan Sancetek bat egin du jaiarekin. Athletic mailu bat izan da, eta erasoan egindako lapurreta baten ondorioz, De Marcosek area ertzean filtratu du baloia erdilariak atezaina gainditzeko.
Rubi bere taldekoen norabidea aldatzen saiatu da, baina Athleticen gidoiak bere horretan jarraitu du eta kontrolik gabeko defentsa bat kikiltzen jarraitu du Williams nagusiaren barneratzeekin. Hain zuzen ere, VARak Iñakiren beste gol bat baliogabetu du.
Baina etxekoen erasoak ez du etenik izan eta, berriro ere, partiduko bikotea primeran ulertu da. Oraingoan, Iñakik oparia itzuli dio Nico anaiari, eta pasea iragazi dio aurkariaren atezaina behetik gainditzeko.
Hiru puntuak erabakita zeudela, Valverdek minutuak banatu ditu gutxien erabiltzen dituenen artean, besteak beste, Ander Herrera, Aitor Paredes, Villalibre eta Vesga. Azken honek itxi du partida penaltiz sartutako gol batekin (4-0).
Fitxa teknikoa
4 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray (Paredes, 71. min), Iñigo Martinez, Lekue; Dani Garcia (Zarraga, 85. min), Sancet (Herrera, 71. min), Muniain (Vesga, 78. min); Nico Williams, Berenguer (Villalibre, 78. min) e Iñaki Williams.
0 - Almeria: Fernando; Mendes, Kaiky, Rodrigo Ely, Babic, Akieme; Robertone (Arnau Puigmal, 66. min), Samu Costa (Eguaras, 79. min); Portillo (Embarba, 58. min); Ramazani (Dyego Sousa, 46. min) y Lazaro (Leo Baptistao, 58. min).
Golak: 1-0, 10. min: Iñaki Williams. 2-0, 17. min: Sancet. 3-0, 61. min: Nico Williams. 4-0, 84. min: Vesga, penaltiz.
Epailea: Juan Luis Pulido Santana. Txartel horia atera die Yeray (37. min), Robertone (40. min), Kaiky (57. min) eta Arnau Puigmal (82. min) jokalariei.