Itxi

Athletic Club

3 PUNTU

Athletic, Europako postuetan Valladolidi irabazita (3-0)

B. L. G. | EITB MEDIA

Guruzeta protagonista izan du San Mameseko norgehiagokak, donostiarra lehen aldiz egon da ligako hasierako hamaikako batean, eta bi gol sartu ditu. Vivianek egin du hirugarrena.

  • Athleticeko jokalariak goletako bat ospatzen

    Athleticeko jokalariak goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 3-0 irabazi du Valladoliden aurka. Guruzeta donostiarra izan da protagonista ezbairik gabe norgehiagokan. Estreinakoz izan da hasierako hamaikakoan Ligan, eta bi gol sartu ditu. Athleticen hirugarren gola Dani Vivianek egin du.

Athletic - Valladolid partidako laburpena (3-0)

Valladolidek indartsu ekin dio partidari, eta aukera ugari izan ditu hasieran markagailuan aurreratzeko. Hala, Weissman aurrelariak bi abagune izan ditu hastapeneko hiru minutuetan. Dena den, argiena Sergi Guardiolak eduki du. Ozta-ozta joan da kanpora katalanaren jaurtiketa 15. minutuan.

Aitzitik, Guruzetaren lehen golak goitik behera aldatu du norgehiagoka. 18. minutuan, kontraeraso bikain baten ostean, Guruzetak Masipen atera jaurti du. Atezainak lehen jaurtiketa gelditu duen arren, donostiarrak aldaratzea jaso, eta bigarrenean bai, arratsaldeko lehen gola sartu du.

Athletic agintzen hasi da orduan, eta aukera franko izan dituzte zuri-gorriek. Tartean, gola sartu eta berehala, Nico Williamsek bakarka egin duen jokaldi baten ondoren egindako jaurtiketa, Masipek geratu duena.

24. minutuan ere, aukera argia izan du De Marcosek bigarrena egiteko, baina ezin izan du Sanceten pasea gola egiteko baliatu, eta Guardiakoari kanpora joan zaio jaurtiketa.

Atsedenaldira arte eutsi dio dinamika oldarkor horri Athleticek. Hala ere, ezin izan du gol gehiago sartu lehen zatia amaitu bitartean.

Aldageletatik bueltan, bigarren zatia hasi eta bost minutura, Guruzetak berak izandako lehen aukeran, gola sartu du. Vesgak emandako pase baten ostean, baloia gurutzatu, eta Valladolideko jokalariek ezin izan dute ezer egin donostiarraren bigarrena ekiditeko.

Orduan, kanpoko taldeak golaren bila ekin dio. 53. minutuan, arriskutsua zirudien jokaldi bat ezerezean utzi dute Athleticeko defentsako gizonek. Jokaldi hori irudikeria izan da, zuri-gorriak berehala nagusitu baitira berriro jokoan.

Sancetek ere izan du gola egiteko aukera, 62. minutuan berak egindako jaurtiketa batek sarearen kanpoaldetik jo du atean.

Athleticek gehiago nahi zuen, eta golaren bila jarraitu du, heldu den arte: 78. minutuan, Iker Munianek falta batean baloia area barrura erdiratu eta Dani Vivian nagusitu da airean, burukada zehatz batekin zuri-gorrien hirugarren gola sartzeko.

Valverdek zuzendutako taldea ahalegindu da laugarrenaren bila, nahiz eta ez duten lortu. Azkenean, hiru puntuak katedralean geratu dira, eta Athletic Europako postuetara itzuli da.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Lekue; Vesga, Herrera (Vencedor, 67. min), Sancet (Raul Garcia, 78. min); Iñaki Williams (Villalibre, 78. min), Nico Williams (Morcillo, 83. min) eta Guruzeta (Muniain, 67. min).

0 - Valladolid: Masip; Fresneda, El Yamiq, Feddal, Olaza; Plata (Lucas Rosa, 83. Min), Monchu (Ivan Sanchez, 62. min), Kike Perez, Narvaez (Oscar Plano, 62. min); Sergi Guardiola (Sergio Leon, 67. min) eta Weissman (Aguado, 46. min).

Golak: 1-0, 18. min: Guruzeta. 2-0, 51. min: Guruzeta. 3-0, 78. min: Vivian.

Epailea: Isidro Diaz de Mera Escuderos. Txartel horiak atera dizkie Guruzeta (46+ min.), Herrera (49. min) eta Monchu (41. min) jokalariei.