Athletic Club
Omenaldia, Metropolitanon
Athletic eta Atletico Madril, historia bereizezina 1903tik: igandean, Atletico Madrilek Athletic omendu zuen
EITB MEDIA
Athleticeko 125. urteurrenean, bi taldeetan izandako hainbat jokalari eta entrenatzaile Metropolitano futbol zelaian izan ziren, gonbidatuta, Atletico Madrilek prestatutako ekitaldietan. Ernesto Valverderen jokalariek zuri-gorriz jokatu zuten, madrildarrek hala erabakita.
-
Athleticeko eta Atletico Madrileko jokalariak, futbolari ohiek lagunduta, partidaren atarikoan (EFE)
Athletic eta Atletico Madril betidanik eta betiko daude lotuta; izan ere, 1903an, Madrilen bizi ziren eta Athleticeko bazkideak ziren euskal ikasle batzuek Madrilgo Athletic Club taldea sortu zuten, Espainiako Estatuko hiriburuan. Testuinguru horretan, eta kontuan izanik Athletic 2023an 125 urte betetzen ari dela, Atletico Madrilek omenaldi hunkigarria egin zion Athletici igandean, bi taldeen arteko partidaren harira, Metropolitano futbol zelaian. Besteak beste, eta neurketaren atarian egindako ekitaldiei amaiera emanez, Ernesto Valverderen gizonek zuri-gorriz jokatu zuten, alegia, etxeko taldea balira bezala, madrildarrek hala erabakita.
Markagailuan "eskerrik asko" esaldia agertzen zen, bi taldeak bandera zuri-gorrien artean zelairatu zirenean. Athleticen eta Atletico Madrilen bazkiderik beteranoenak (Juan Antonio Virumbrales eta Pedro Palmero, hurrenez hurren) palkoan eseri ziren, partida bertatik ikusteko, eta gauza bera egin zuten, halaber, Bilboko eta Madrilgo taldeetan aritutako futbolari eta entrenatzaile batzuek, Madrilgo klubak gonbidatuta.
Besteak beste, Javier Irureta izan zen omenaldian. Irundarrak, Atletico Madrilekin, Kontinentearteko Kopa irabazi zuen (1975), bi Liga (1969-70 eta 1972-73) eta Kopa bat (1972), 1975ean Athleticek fitxatu baino lehen (1980ra arte izan zen Athleticen). Javier Clementek ere parte hartu zuen ekitaldietan; izan ere, bi taldeetako entrenatzailea izan zen (1981etik 1986ra, 1990etik 1991ra eta 2005etik 2006ra Bilbon, eta 1989tik 1990era Madrilen), eta Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituen bilbotarrekin.
Horiez gain, hauek ere irten ziren igandean Metropolitanoko zelaira: Tzibi Juaristi (Liga irabazi zuen Athleticekin), Julio Salinas (Ligako, Kopako eta Superkopako txapelduna Athleticekin, eta Kopako finalista Atletico Madrilekin), Dani Aranzubia (Liga irabazi zuen madrildarrekin), Andoni Goikoetxea (Ligako, Kopako eta Superkopako txapelduna Bilbokoekin), Patxi Ferreira (Kopako txapelduna Madrilgo taldearekin), Ruben Bilbao (Ligako txapelduna Athleticekin), Pizo Gomez (Kopa irabazi zuen Atletico Madrilekin) eta Peio Uralde (Kopako finalista madrildarrekin, eta Ligako txapelduna Realarekin).
Bi klubetako lagunarte batzuetako kideek, halaber, bazkaria egin zuten, partida hasi baino lehen.
Un domingo muy emotivo el que vivimos en el Cívitas @Metropolitano ¿
— Atlético de Madrid (@Atleti) February 20, 2023
¡Así fue el homenaje al @AthleticClub por su 125 aniversario! ¿ pic.twitter.com/unXecwTXW4
Aurten, Athletic 125. urteurrena ospatzen ari da. Klubak berak zabaldu zuenez, taldea 1898an sortu zuten Bilbon, garai hartan Bizkaiko hiriburuan eta inguruan izandako industrializazioaren barnean. Bizkaian bizi ziren zenbait britainiarrek eta Erresuma Batuan izandako hainbat bizkaitarrek abiatu zuten, eta sustrai horietatik jaio zen, 1903an, Madrilgo Athletic Club, egungo Atletico Madril; bi taldeek armarri eta elastiko berdinak erabiltzen zituzten.
Orduan, XX. mendearen hasieran, Athletic eta Atletico Madril Blackburn Rovers Ingalaterrako taldea bezala janzten ziren; hain zuzen, elastikoak bi zerrenda zituen, bata zuria eta bestea urdina. 1910ean hasi ziren Bilboko Athletic Club eta Madrilgo Athletic Club zuri-gorriz janzten; izan ere, Juan Elorduy Athleticeko jokalari eta Zuzendaritza Batzako kideak 50 elastiko zuri-gorri ekarri zituen Southampton hiritik, alegia, bertako taldearen kolorekoak. 25 elastiko Madrilera bidali zituzten, eta gainerako 25ak Bilbon geratu ziren.