Itxi

Athletic Club

22. JARDUNALDIA

Athleticek 1-0 galdu du Atletico Madrilen aurkako norgehiagoka

EITB MEDIA

Partida ona jokatu dute Valverdek zuzendutako mutilek. Aukera asko sortu ez badituzte ere, Atletico Madrili gola egiteko abagune gutxi eman dizkiote.

  • Nico Williams

    Nico Williams baloiaren jabetza mantendu nahian. Argazkia: EFE

Athleticek galdu egin du Atletico Madrilen aurka. Griezmannek sartutako gol bakartiak kondenatu du Athletic Civitas Metropolitanoan. Bilbokoak zurigorriz aritu dira 125. urteurrena dela eta Atletico Madrilen sorkuntzan izandako garrantziaren aitortza modura.

Atletico Madril-Athletic partidako laburpena

Lehen zatian markagailua ez da mugitu. Bi taldeak fin ibili dira defentsan eta ez diote aurrean zuten taldeari gola egiteko aukerarik eman. Azpimarragarria hasierako hamaikakoan izan den Julen Agirrezabala atezainaren lehen zatia. Izan ere, Atletico Madrilek izan duen aukera garbiena ezerezean utzi du Carrascori bikain aurre eginda. Aurrelari belgikarra bakarrik geratu da atezainaren aurrean eta Errenteriakoak bikain estali du jaurtiketa.

Gaur Metropolitanoan zurigorriz aritu direnen aukera argiena, bestalde, Dani Garciaren oinetan izan da. Erdilariari atearen gainetik joan zaio Iñaki Williamsek zuzendutako kontraerasoari esker egindako erdiraketaren errematea.

Bigarren zatin, partidako 53. minutuan, Nico Williamsek bakarkako jokaldi on bati amaiera bikaina ematekotan egon da, baina Oblakek geldiketa oso ona egin du kanpoko taldearen gola ekiditeko. Williams anaietan txikienak area barruan zenbait areriori iskin egin eta jaurtiketa arriskutsua egin du, atezainak, baina, bikain erantzun du.

Atletico Madril 73. minutuan aurreratu da. Griezmannek pase bat jaso du sakonean eta ia zelai erditik egindako korrikaldian, bakarrik geratu da Agirrezabalaren aurrean eta honek ezin izan du ezer egin frantziarraren jaurtiketa gurutzatua geratzeko.

Gola sartu eta emaitzari eusten ahalegindu da etxeko taldea, gauzak horrela, Athleticek ezin izan du abagune argirik sortu partida amaitu bitarte eta esku-hutsik itzuliko dira Bilbora.

 

Fitxa teknikoa:

1 - Atletico Madril: Oblak; Molina, Gimenez, Hermoso, Reinildo; Llorente, Koke, De Paul (Barrios, 59. min); Griezmann (Saul, 92. min), Correa (Morata, 59. min), Carrasco (Memphis, 73. min).

0 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray (Paredes, 84. min), Yuri; Vesga, Dani García (Zarraga, 68. min); Nico Williams (Berenguer, 84. min), Sancet (Raúl García, 84. min), Muniain (Guruzeta, 68. min); Iñaki Williams.

Gola: 1-0, 73. min: Griezmann.

Epailea: Martínez Munuera. Txartel horia atera dio Gimenezi (32. min), De Pauli (45. Min), Dani Garciari (32. min), Yeray Alvarezi (55. min) eta Viviani (67. min).