Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Athleticek galdu egin du Betisen aurka San Mamesen (0-1)

Agentziak | EITB MEDIA

Bilbotarrek gol bat jaso dute partida hasi eta berehala, eta, abagune ugari izan eta bigarren zati ona egin arren, ez dira markagailua iraultzeko gai izan.

  • Nico Williams, baloiaren lehian

    Nico Williams, baloiaren lehian. Argazkia: EFE

Athleticek porrota jaso du Betisen aurka (0-1) San Mamesen, Willian Josek bost minuturen buruan sartutako golaren ondorioz. Emaitza horrek sailkapeneko zortzigarren postura eraman du Ernesto Valverderen taldea.

Athletic - Betis partidako laburpena

Partida erritmo handiz hasi da, eta atsedenaldira arte ez da moteldu, bi taldeak etengabe erasoka zeudela. Bi taldeek emaitza hobea lortu ahal izan dute lehen zatian.

Claudio Bravok bikain gelditu du Guruzetaren erremate gogor bat, baina Athleticen lehen aukera ezerezean geratu da jokoz kanpokoa adierazi baitu epaileak.

Handik gutxira, 5. minutuan, Betisen gola iritsi da. Area ertzean egindako errematean, Willian Josek aldaratze bat aprobetxatu du baloia sareetara bidaltzeko (0-1).

Jokaldi arriskutsuak bata bestearen atzetik heldu dira, eta abaguneak izan dira alde batean eta bestean. Guruzetak dozena erdi bat izan ditu, eta Iñaki Williamsek beste bat, baina irrist egin du bisitarien atezainaren aurrean zegoela.

Betisek hiru aldiz mehatxatu du 0-2ko emaitzarekin. 19. minutuan, Ayozek Unai Simonen eskuetara bidali du baloia, kontraeraso batean.

Athleticek berdinketa lortzeko aukera izan du atsedenaldira iritsi aurretik, eta epaileak 43. minutuan adierazitako penalti bat bertan behera utzi du, VAR berrikusi eta gero, Mirandak baloia eskuarekin ez duela jo baieztatu ondoren.

Bigarren zatian, Athletic nagusitu da, eta Bravoren arean jo eta ke aritu da. Sancetek bi aldiz bilatu du 1-1ekoa.

Lehoiek setioarekin jarraitu dute, eta hiru gol aukera garbi sortu dituzte jarraian bost minutuan. Bravok lehen biak gelditu ditu, bi geldiketa bikain eginda, eta hirugarrenean, Berenguer ez da gai izan penalti puntuan baloia kontrolatzeko.

Azkenean, Athletic jokalari bat gutxiagorekin geratu da, epaileak VAR kontsultatu ostean Vivian kaleratu duenean, Borja Iglesiasi falta arriskutsua egiteagatik.

 

Fitxa teknikoa

0 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Capa, 80. min), Vivian, Paredes, Yuri; Dani Garcia (Herrera, 57. min), Vesga (Adu Ares, 80. min); Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams (Berenguer, 65. min); eta Guruzeta (Raul Garcia, 57. min).

1 - Betis: Claudio Bravo; Sabaly, Pezzella, Paul, Miranda; Guido Rodriguez, Guardado (Abner, 82. min); Canales, Carvalho (Rodri, 65. min), Ayoze (Luiz Henrique, 75. min); eta Willian Jose (Borja Iglesias, 75. min).

Gola: 0-1, 5. min: Willian Jose.

Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias. Betiseko aulkiko kide bat eta Vivian kanporatu ditu, txartel gorria aterata. Txartel horia atera die De Marcos, Ayoz, Pezzella eta Guardado jokalariei.