Athletic Club
LESIOA
Ebakuntza egingo diote Yerayri pubalgia arazoak sendatzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Barakaldoko erdiko atzelaria arazoak izan ditu zonalde horretan denboraldiaren azken txanpan, eta "Athleticeko medikuek eta futbolariak berak" ebakuntza egitea adostu dute.
-
Yeray Alvarez, denboraldi honetako partida batean. Argazkia: EFE
Yeray Alvarez Athleticeko jokalariari ebakuntza egingo diote datorren asteazkenean, maiatzaren 31n, jokatu ezinik egotea eragiten dioten pubalgia sendatzeko. Hala jakinarazi du astelehen honetan Bilboko taldeak.
Barakaldoko erdiko atzelaria ebakuntza-gelatik pasatzeko erabakia "Athletic Clubeko osasun zerbitzuek eta jokalariak berak" hartutakoa izan da.
Yeray arazoak izaten ari zen pubisean denboraldiaren azken txanpan, eta, hala, Vila-realen maiatzaren 13an talde zuri-gorriak jokatu zuen neurketan minak jota jardun zuen, bere postuan zeuden baja ugarien aurrean.
Atzelari bizkaitarrarena, printzipioz, Athleticek igandean Santiago Bernabeun Real Madrilen aurka jokatuko duen Ligako partidarako dituen bost bajetako bat da. Jokatu ezinik egongo diren beste laurak Iñigo Martinez atzelaria, Dani Garcia eta Ander Herrera erdilariak eta Jon Morcillo aurrelaria izango dira.
Horrez gain, Ernesto Valverde entrenatzaileak jokatzeko moduan dituen bi atzelariak, hau da, azken partidetan titular izan diren Dani Vivian eta Aitor Paredes ere ez daude erabat sasoiko.