Itxi

Athletic Club

Errege Kopako finala

Kopako finalerako Athleticen sarreren zozketaren emaitza: 603.212tik 626.208ra dauden zenbakiak

EITB MEDIA

17.848 sarrerak martxoaren 25ean jarriko dituzte salgai, eta tarte horretako zenbakiak dituztenek erosi ahal izango dituzte. Klubak azaldu duenez, sarrerek izendunak izango dira.

1:06
Jose Angel Iribar, Errege Kopako finaleko sarreren zozketa ekitaldian.

Ostegun eguerdian San Mamesen egindako Errege Kopako sarreren zozketaren arabera, 603.212 eta 626.208 arteko zenbakiak dituztenek izango due aukera apirilaren 6an Sevillan Athleticek eta Mallorcak jokatuko duten finalerako sarrerak erosteko. Datorren martxoaren 25ean ipiniko dituzte salgai, eta klubak azaldutakoaren arabera, izena zehaztea ezinbestekoa izango da.

Zozketaren emaitzak gehienez sarrera bat erosteko eskubidea ematen du, saritutako zenbaki tarte horretan bazkide bakoitzak zenbaki bat baino gehiago izan arren. Sarrera bat bazkide bati esleituta, gainerako zenbakiak automatikoki baliogabetu dira.

Zozketan izena eman duten bazkide guztiek mezu elektroniko bat jasoko dute, emaitzaren berri emanez. Klubak datozen egunetan emango du sarreren erosketari buruzko informazio guztia, baina bi datu garrantzitsu aurreratzen ditu.

-Sarrerak erosteko epea martxoaren 25ean, astelehenean, irekiko dela.

-Sarrera eskuratzeko unean, bazkideak (edo bazkide-taldeak, hala badagokio) sarreraren azken erabilera egingo duen pertsonaren izena jakin behar du, sarrera nominala izango baita.

Athleticeko 42.271 bazkidek, erroldatutako 43.649 bazkideetatik (% 97), eman zuten izena 17.848 sarreren zozketarako. Klubak jakinarazi duenez, programa informatiko batek bazkide bakoitzari zozketa zenbaki adina partaidetza esleituko dizkio, denboraldi honetan San Mamesera joan den partiden arabera.

Athleticek banatuko dituen sarreren kopuruari dagokionez, Federazioak klubarentzat gordetako 20.698ko paketetik 17.848 horiek bazkideen artean banatuko dira, eta gainerako 2.850ak kontratu, erakunde, kirol, gizarte eta babesleen konpromisoei erantzuteko erabiliko dira.

300 sarrera 'Club Athletic'eko kideentzat

'Club Athletic' taldeko 11.317 kideen artean 300 sarrera banatuko dituela iragarri du taldeak. Euskal Herritik kanpo dauden zale zurigorrien eremua da 'Club Athletic': Gazteabonodunak, peñistak eta athleticzaleak.

Klubak dituen babesle, kontratu, erakunde zein kirol arloko konpromisoak betetzeko eskatutako 2.850 sarreren multzoan daude 300 sarrera horiek.