Itxi

Athletic Club

36. jardunaldia

Athleticek Balaidosen galdu du, Celta aurkari (2-1), eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukerarik gabe gelditu da

EITB MEDIA

Talde zuri-gorriak egin du partidako lehenengo gola, aurreneko zatian: Alex Berenguerrek gol olinpikoa sartu du. Bigarren zatian, baina, Celtak bi gol hiru minututan lortu ditu, eta emaitza irauli egin du. Emaitza horrek laugarren postura heltzeko aukerarik gabe utzi du Athletic.

  • Yeray eta Celtako Bamba, nor baino nor gehiago, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Yeray eta Celtako Bamba, nor baino nor gehiago, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Athleticek 2-1 galdu du Celtaren aurka, Abanca-Balaidos futbol zelaian, asteazken gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 36. jardunaldian. Alex Berenguerrek, 23. minutuan, gol olinpikoa sartuta, Ernesto Valverderen taldearen gola egin du, eta Williot Swedbergek, 68. minutuan, eta Hugo Alvarezek, 71.ean, Galiziako taldeari garaipena eman dioten golak lortu dituzte. Emaitza hori zenbatuta, Athleticek 62 puntu dituela jarraitzen du, sailkapeneko bosgarren postuan, eta dagoeneko ez du aukerarik Txapeldunen Ligarako txartela ematen duen laugarren postura iristeko; izan ere, laugarren sailkatua den Atletico Madrilek, Getafen irabazita, 73 puntu ditu, Athleticek baino hamaika gehiago, aurretik bi partida gelditzen direla.

Celta-Athletic partidako laburpena (2-1)

Bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Celtak, estu sailkapenean, bete-betean mailari eusteko lehian, aurrera egin du, eta segituan hartu du zelai erdia eta behartu du Athletic atzerako urratsa ematera. 68. eta 71. minutuetan, Williot Swedbergek eta Hugo Alvarezek markagailua irauli dute, bi gol ia jarraian sartuta.

Athleticen ikuspegitik, agian onena izan da Unai Simonek gertuago duela Zamora Garaikurra. Beste partida bat jokatu du murgiarrak, Julen Agirrezabalak 61. minutuan ordezkatu baitu, eta ez du golik jaso; hortaz, gero eta hurbilago du Simonek saria. Hori bereganatu zuen Athleticeko azken atezaina Jose Angel Iribar izan zen, 1970ean.

Fitxa teknikoa

2 - Celta: Ivan Villar; Manquillo, Starfelt, Carlos Dominguez; Carles Perez (Mingueza, 45. min), Damian, Beltran, Manu Sanchez (Hugo Alvarez, 33. min); Bamba (Aspas, 33. min), Larsen (Douvikas, 72. min) eta Williot Swedberg (Cervi, 77. min)

1 - Athletic: Unai Simon (Agirrezabala, 62. min); Lekue, Yeray, Paredes, Imanol; Prados (Ruiz de Galarreta, 74. min), Dani Garcia (Vesga, 74. min); Berenguer, Unai Gomez, Adu Ares (Iñaki Williams, 62. min); Villalibre (Raul Garcia, 62. min)

Golak: 0-1 Berenguer (23. min); 1-1 Williot Swedberg (68. min); 2-1 Hugo Alvarez (71. min)

Epailea: Garcia Verdura (Kataluniako Batzordea). Celtako Starfelt eta Cervi zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 21.301 zale izan dira Balaidosen.