Itxi

Futbola

EA Sports Liga

Athleticek azken momentuan berdindu du Osasunaren aurkako derbia (2-2)

EITB MEDIA

Asier Villalibrek luzapenean Sergio Herrera atezainaren hutsa aprobetxatuta egindako golak berdinketa ezarri du San Mameseko markagailuan.

  • Berenguer eta Ruben Garcia

    Berenguer eta Ruben Garcia. Argazkia: Efe.

Athleticek eta Osasunak bina egin dute EA Sports Ligako 35. jardunaldian San Mamesen jokatutako euskal derbian. Raul Garcia de Haro, Ruben Garcia, Iñaki Williams eta Asier Villalibre izan dira neurketako golegileak.

Iker Muniain hasierako hamaikakoan izan da, zortzi hilabeteren ostean. Ernesto Valverde eta Jagoba Arrasate, berriz, ez dira zelaian egon, zigortuta baitaude aurreko jardunaldian txartel gorria ikusi zutelako. Jon Aspiazuk hartu du Valverderen lekua zuri-gorrien aulkian, eta Bittor Alkizak Arrasaterena, gorritxoenean.

Partidaren atarian, Raul Garcia izan da protagonista nagusia, nafarrak zaleen eta jokalarien omenaldia jaso baitu bere agurraren denboraldian.

Lehen minutuetan, erasoak bi ateetan izan dira, baina aukera oso argirik gabe. Athleticek Osasuna estutu du, Nico Williamsen abileziari esker.

Gorritxoek 33. minutuan eman dute lehen abisua. Pablo Ibañezek buruarekin errematatutako baloia Simonen atetik gora joan da, gutxigatik.

38.ean, Iker Muniainek gola egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, pasea eman dion Berenguer jokoz kanpo zegoelako Nico Williamsek baloia eman dionean.

41.ean, nafarrek aurrea hartu dute markagailuan: Mojicak baloia jaurti du, eta Raul Garcia de Harok ukitu egin du baloia Simonen atean sartzeko.

Gorritxoen bigarrena bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da. Etxekoen defentsak lo hartu du eta Ruben Garciak bikain aprobetxatu du 0 eta 2koa egiteko.

Lehoiek aldea murriztu dute 58.ean. Mojicak pasean egindako hutsa Iñaki Williamsek aprobetxatu du 1 eta 2koa egiteko.

Berdinketa, luzapenean

Valverderen taldeak erasora jo du, baina ideiak oso argi izan gabe. Vivian eta Villalibre saiatu dira, buruz egindako erremateen bidez, baina ez dute asmatu. Villalibrek, baina, ez du hutsik egin jarraian izandako aukeran, eta, Sergio Herreraren hutsa baliatuta, baloia bisitarien atean sartu du neurketa berdintzeko.

Azkenean, puntu bana zuri-gorrientzat eta gorritxoentzat San Mamesen. Athleticek ia ezinezkoa du orain Txapeldunen Ligan sartzea; Osasunak, berriz, hiru puntuak eskura izan ditu 0 eta 2 aurretik joan baita, baina bakarrarekin konformatu behar izan du azkenean.

Fitxa teknikoa

2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Lekue, Yuri; Herrera (Unai Gomez, 63. min), Vesga (Prados, 63. min); Berenguer (Villalibre, 46. min), Muniain (Raul Garcia, 63. min), Nico Williams (Adu Ares, 76. min); eta Iñaki Williams.

2 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Jorge, m.76), Catena, Herrando, Mojica; Lucas Torro, Pablo Ibañez (Juan Cruz, 76. min), Iker Muñoz; Ruben Garcia, Ruben Peña (Aimar Oroz, 63. min) eta Raul (Arnaiz, 76. min).

Golak: 0-1, 40. min: Raul. 0-2, 47. min: Ruben Garcia. 1-2, 58. min: Iñaki Williams. 2-2, 96. min: Villalibre.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez (Murtziako Batzordekoa). Txartel horia atera dio Athleticeko Yuri (22. min) eta Herrera (46. min) jokalariei, eta Osasunako Herrando (34. min), Ibañez (55. min), Catena (73. min) eta Ruben Garcia (92. min) jokalariei.