Itxi

Athletic Club

Iñigo Cabacas kasua

Iñigo Cabacas gogoratuko dute, gaztea hil eta sei hilabetera

Erredakzioa

‘Iñigo gogoan’ taldeko kideek kontzentrazioa deitu dute justizia eskatzeko, eta haren lagunek Cabacasen omenezko plaka jarriko dute Basaurin.

00:58
Iñigo Cabacas gogoratuko dute, gaztea hil eta sei hilabetera

Bi ekitalditan Iñigo Cabacas gaztea gogoratuko dute astearte honetan, Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz hil eta sei hilabetera. Athleticeko jarraitzaileak 3 egun egin zituen koma egoeran apirilaren 5ean Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko partidaren ondoren izandako istiluetan buruan jasotako pilotakada baten ondorioz.

"Iñigo gogoan" mugimenduak kontzentrazioa deitu du Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean "Poliziaren biolentziari Stop" lelopean, "justizia eskatzeko eta kasuari ematen ari zaion trataera salatzeko".

Arratsaldean bestalde, hildako gaztearen lagunek plaka bat ipiniko dute Basauriko Axular plazan, Cabacasen jaioterrian, hain zuzen ere. Halaber, Basauriko Udalak kolaboratu du San Fausto jaien baitan egingo den ekitaldian.

Auzibidea

Bilboko 10. auzitegia Iñigo Cabacasen kasuaren instrukzioa egiten ari da gaztea nola hil zen argitzeko, eta orain arte lekukoei deklarazioa hartu die epaileak.

Irailean auzian inputatutako ertzainek deklaratzen hasi behar bazuten ere, atzeratu egin da zitazio judiziala.

Juan Calparsoro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak instrukzioa urte amaierarako bukatuta egongo zela iragarri zuen. Halaber, urriaren 3an instrukzio faseak aurrera jarraitzen duela esan zuen, eta prozesuak ez zuela atzerapenik izan, hark zekienez.